Izarne Zelaia: 'Norberak beretik'
Larre motxean aziak bizimodua aterako du, dio esaera zaharrak. Ezer gutxirekin ohitu direnak bizitzari aurre egiteko zailduago daudela esan nahi omen du, eta ezin dut ekidin gure gurasoen zein aitona-amonen belaunaldietan pentsatzea. Badakigu jakin, haien haurtzaroak gureak baino gogorragoak izan zirela: jakiak bezala, logelak, oheak zein jantziak anai arrebekin partekatu behar izaten zituztela, eta guk baino dezente urte lehenago hasi behar izan zutela lanean. Oro har, guk baino baliabide gutxiago izan zutela. Ezer gutxirekin hezi eta haziak eta euren bidea eginaz bizimodua atera dutenak. Oraingoz, esaerari arrazoia ematea besterik ez dut.
Dena den, denboraren makinan sartu, atzera egin eta gustura ikusiko nituzke beren bizitzako gako izan diren uneak, eta zailduago egonagatik izan ote zuten egoera horien aurrean jokatzeko guk baino erreflexu gehiago, ausardia gehiago, edo agian gaiztakeria gehiago, nork jakin. Eskolara joan ziren lehen aldian beldur gutxiago izan ote zuten pasa den astelehenean lehen aldiz joan diren haurrek baino. Ausardia handiagoa izan ote zuten jendaurrean hitz egin zuten lehen aldian. Lagunaren aurrean lehen aldiz biluztu zirenean lotsa gutxiago izan ote zuten gaur lehenengoz elkar biluzten ariko diren gazteek baino. Lehen lanpostua uztea erabaki zutenean izan ote zuten guk adina bertigorik. Lehen etxea erosi zutenean modu berean sentitu ote zuten gaurkoek lepora sentitzen dugun soka.
Larre motzean hezia edo ez, norberak beretik bizi ditu besterenak bezain bere-bereak diren beldur eta ametsak. Eta halaxe idatzi dut gaurkoa, lehenengo aldiz, larretik baino paperetik, eta motzetik baino… ez, hori halaxe utziko dut: motzean.