Izarne Zelaia: 'Orbanak'
Ohetik jaiki eta dutxarako bidean erantzi ditut kuleroak. Hilero bidelagun dudan arren, nire begi oraindik puztuei atentzioa deitu die zuriaren gaineko gorriak. Beti iruditu zait ederra bi kolore horien arteko kontrastea, forma likatsuan estimatzen jakin ez arren. Ez, oraingoan ez minak eta ez egutegiak ere ez naute alertan jarri, eta axolagabe hartu dut, bizitzan beste hainbestetan bezala. Dutxara sartu eta orban berri bat sortu dut zeramikaren gainean. Une batez, Duchampek museoko pieza moduan aurkeztu zuen komunaz oroitu naiz: are iraultzaileagoa zatekeen odol putzu batekin.
Begiak itxi eta ur beroak aurpegian eztanda egiten didan artean, irudimenak nire museo partikularretik aireztapen bideetan zehar eraman nau bizilagunen komunetaraino. Kulero
gorrituak han ere: nirearen gaineko solairuan aluko jarioa pozez jaso duen emakume bat ikusi dut. Ufffffffff batek hartu duen lasaitua jaurti dio gorputzetik. Seigarrenekoak aldiz,
negarrez hartu du ohiko berria, eta jakin-mina piztu dit, malkoak obariotako min eutsiezinak eragin dizkion edo desio duen haurra etorriko ez delako ari ote den intzirika.
—Baina, zer ari zara, inuzente halakoa, nola galdetuko diozu ba hori!—. Begira geratu natzaio, isilik. Dutxan kiribilduta negarrez ari zena aurpegia lehortzen ari da orain. Toallaz urratutako ispiluko bi begiei begira-begira jarri da, ur azpian murgildu beharko balu bezain indartsu airea irentsi eta irribarre artifizial bat entseatu du. Eta pentsatu dut, pozik bizi dela antzeztu beharrak gaixotzen duela bat. Eta gorputzok, biluztuta ere, gureago ditugula erantzi gabekoak.
Zorrotada hotza. Esna nadin.