Izarrekin Sara etxera
Irailean ikasturte berriari hasiera emango zaio eta, ohi den bezala, eskuartean izango ditugun erronkei gogoz helduko diegu. Zeregin batean zein bestean arituko gara, eta bien bitartean ezin burutik kendu, Izar Majarenasen egoera kezkagarria.Izan ere, udara bukatzear dago eta Izarrek eta bere amak, Sarak, Aranjuezeko espetxearen, hau da, Espainiako Espetxe Erakundearen menpe dagoen etxe tutelatu batean jarraitzen dute. Ama-alabak elkarrekin badaude ere, bizi duten egoerak muturrekoa izaten jarraitzen du: Izar bere etxetik 450 km-ra bizi da; arrotza zaion hizkuntza batean eskolaratzera behartuta dago. Are gehiago, euren nortasuna ezkutaturik, anonimatuan izatera behartuta daude; eta, hori guztia nahikoa ez balitz, beren aiton-amona eta senideengandik urrun.
Gu, irakaskuntzako adituak garen aldetik, babesgabetasun osoa duen egoera horrek 3 urteko haur baten bilakaera psikopedagogikoan izan dezakeen eragina salatzera behartuta gaude.
Horrez gain, jakin badakigu Izarren ama askatzea eta alaba dagokion lekuan eskolatzea beharrezkoa ez ezik, posible ere badela. Izan ere, ezarritako zigorraren hiru laurdenak duela bi urte eta erdi bete zituen, eta, beraz, baldintzapeko askatasuna erdiesteko baldintzak betetzen ditu.
Horregatik guztiagatik gaur eta hemen bildu garen irakasle guztiok, Izar dagokion ikastolan has dadila eskatzen dugu, eta bat egiten dugu igandean, irailaren 3an, egingo den manifestazioarekin. Era berean, irakaskuntzako eragile guztiak parte hartzera animatzen ditugu.
Bere eskubidea delako, Izar ikastolara! beharrezkoa delako: Izarrekin Sara etxera!
Ezin aipatu gabe utzi ikasturtez ikasturte gurasoak preso dituzten ikasleak. Izan ere, euskal preso donostiar guztiak Euskal Herritik kanpoko espetxeetan sakabanatuta daude, eta gure ikasleek milaka kilometro egin behar dituzte euren aita-amak ikusteko.
Leire Gallastegi, Joxean Jauregi eta Gurutz Sanzberro, Donostiako 15 ikastetxetako hainbat irakasleren izenean