Izaten dira
Izaten dira bolada batzuk, burua bestetan baino polikiago doakizula ematen duela, ezta? Bai, eta kuriosoa izaten da, baina ohera bederatzi eta erdietan sartu arren, goizean lo hartu zenuenean baino nekatuago esnatzen zara.
Izaten dira goiz batzuk, lanera joateko normalean baino gogo gutxiago izaten duzula, ezta? Bai, eta beti zure gainean daukazun nagusia normalean baino jasanezinagoa egiten zaizu. Baita beti umore onez dagoela adierazi behar duen lankidea ere… bueno, hori ez, hori beti bezain gezurrezkoa iruditzen zaizu.
Izaten dira hilabete batzuk, paper zuriaren aurrean jarri eta ez dakizula zeri buruz idatzi. Kurtso amaiera izango da, ezta?
Izaten dira afaloste batzuk, telebista piztu eta ezin duzula albistegia ikusi, ezta? Eta pentsatzen duzu, normalean baino sinistuago, hobe genukeela espezie gisa autosuntsitu eta desagertuko bagina. Imajinatzen dituzu elefanteak eta jirafak korrika eta irribarre txiki bat irteten zaizu, mundua gizakia gabe zer ondo egongo litzatekeen imajinatuta.
Izaten dira egun batzuk, sentitzen duzula normalean baino errazago haserretzen zarela, ezta? Eta ez zaizu gustatzen, eta gainera, badakizu ez zaizula komeni eta orduan, zure buruarekin haserretzen zara eta haserretzen zarenean, ondokoek ordaintzen dute zure haserrea eta badakizu injustua izaten ari zarela eta horrek gehiago haserretzen zaitu oraindik eta…
Bai, izaten dira hilabete batzuk, paper zuriaren aurrean jarri eta ez dakizula zeri buruz idatzi.
Kurtso amaiera izango da, ezta?