Izenak
Artxibategietan bilatzen hasten garenean, ez dakigu oso ongi zer aurkituko dugun. Erantzukizun politikoak zirela eta, faxistek askatasuna eta errepublikarekiko leial jokatu zutenen aurka buruturiko auziak ikertu eta gero, Donostiako alkatea izan zenari buruzko txostena aurkitu dugu, Fernando Sasian Brau izenekoa, hain zuzen ere. Eta izen hauek ahazteko ohitura txarra dago, agian nahita edo. Izen horietako batzuk berreskuratu nahi ditugu. Hau itsasoan ur tanta batzuk baizik ez da, egia esan. Berrikuntza gisa, borreroen izenak aipatuko ditugu.
Epai guztietan izen hauek aurkituko ditugu, Leocadio Tamara Garcia, Eladio Carnicero Herrero eta Joaquin Ochoa de Olza Arrieta, hauek Iruñetik Epaitegi Erregionala gidatzen zuten epaile faxistak baitziren. Epaile hauek historiaren epaitegian salatu beharra dago, herriari bere izenak ezin zaizkiolako ahaztu.
Orain, Gipuzkoako Komandantzian kokaturiko bi guardia zibil aipatuko ditugu, duintasunez jokatu zutelako: Saturnino Bengoa Muruzabal teniente koronela, Orduñan sortua, eta Mauricio Garcia Ezkurra komandantea, Iruñean sortua. 1936ko uztailean, Donostia defendatzeko borroka egin zuten, eta atzerakoiek Maria Cristina hotelean eta kasinoan (egungo udaletxea) pairatu zuten porrotaren laguntzaile aritu ziren. Gerla bukatu ondoren, beraien aurka abian jarritako txostenak aztertuz gero, amorru biziz buruturiko jazarpen latza pairatu zutela ohartzen gara, eta horretarako oso ezaguna den aitzakia-leloa erabili zuten, “matxinadari laguntza” eskaintzea leporatu zietelako. Baina hauek errepublikaren legediaren alde egin zuten, besterik ez. Bitxia da, gutxienez, ahaztutako beste Guardia Zibil mota bat bazela jakitea.
Nor garen ederki dakigu, nondik gatozen eta nora goazen. Aipatu dizkizugun izenek zure jakin-min politikoa piztea nahi genuke, Donostian ere oroimen historikoa berreskuratu behar baita
Azkenik, eta adibide gisa, Jose Garate Aristi aipatuko dugu, ogibidez makinista zena. CNTko kidea zen eta 1939ko maiatzaren 21ean “zendu” zen, hiru seme-alaba zituela. 200 pezetako isuna eman zioten, Amarako aerodromoa eraikitzeko lanetan borondatez aritu zelako. CNTko kide honek egindakoa izugarria izan zen, ezta?
Oroimen historikoaren bidetik, egungo egoerara heldu gaitezke. Aurrekaririk ez duen epai baten bidez, Auzitegi Gorenak Xixongo (Asturies) CNTko sei kideri hiru urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri die, mehatxuak eta derrigortzeak egin zituztela leporaturik. La Suizako sei kideak 2024an lan sindikala egiteagatik zigortu dituzte.
Garbi dugu, gu ez gara lehengoak, hemendik aurrerakoak baizik. Nor garen ederki dakigu, nondik gatozen eta nora goazen. Aipatu dizkizugun izenek zure jakin-min politikoa piztea nahi genuke, Donostian ere oroimen historikoa berreskuratu behar baita.