'Izenburuaren arriskua'
Xabier Etxaniz Rojo, idazlea
Euskaltegiko ikasleei maiz esaten diet garrantzitsua dela idazlanak izenburu deigarri batez hastea. Edo, zehatzagoak izate aldera, amaitzea, zinez uste baitut izenburua dela testu bati jarri behar zaion azkena. Izan ere, izenburuarekin hastea etxea teilatutik hastea bezalakoxea baita. Egia da alferrikakoa dela izenburuarekin bete-betean asmatzea baldin eta testu kamuts, mozolo eta indarge bat idazten baduzu, baina esperientziak irakatsi dit afera honi ikasleek oso gutxitan ematen diotela behar duen garrantzia. Gauzak horrela, borroka horretan eman nuen joan den astea, izenburua gora eta izenburua behera, seko tematurik. Eta gauzak zer diren! Estradak minutu bakar batean Bravoren atea zein Kamenirena zulatu zituenean, nire aholkuei muzin egin nien eta, di-da, Futbologia honen izenburua erabaki nuen. Gaizki eginda, badakit, baina hain garbi ikusi nuen dena… Justizia jainkotiarra. Horrela, neoizko argitan. Bi hitz horiexek osatu behar zuten izenburua. Ez zegoen zalantzarik batere. Azken batean, injustizia galanta baitzen Espanyolek gola sartu izana baloia aterantz behin ere jaurti gabe. Hori zorte txarra Estradarena, baloi hura kanporantz baitzihoan, argi eta garbi joan ere! Minutu bat geroago, baina, Estradak berak Kamenirenean baloia sartu eta justizia apur bat ezarri zuen markagailuan. Eta gure jokalariak jainkoen pare ez baina nahikoa txukun ari zirela ohartuta, garaipena esku-eskura ikusi nuen, garaipen justu eta merezitakoa, izenburu deigarri bat behar zuena, Estradaren zoritxar zein zorionean oinarritutakoa. Zer gertatu zen atsedenaldian? Ez dakit. Bigarren zatian jokalari berberak izanagatik, taldearen jokoak behea jo zuen. Realak aste osoa pasa zuen Europa dontsua gora eta behera, taldearen etorkizunari izenburu bat jarri nahian, eta, bat-batean, denak kamuts, mozolo eta indarge. Bat-batean, denak galduta, teilatuaren azpian etxerik izango ez balute bezala. Horra hor izenburua azkarregi jartzearen arriskua.