Iztueta 1824-2024
2024ko irailaren 7an, 19:00etan, Trinitate plazan, Juan Ignazio Iztueta dantza maisu zaldibiarrari oroitzapen omenaldi bat eskainiko diogu.
Iztuetak, 1824. urtean, orain dela 200 urte, Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira edo historia liburua idatzi zuen. Idatzi horretan kontatzen du, xehetasun handiz, nola interpretatu behar diren gure probintziako dantzak. Hauen artean, koreografiak: ezpata dantzarenak, esku dantzak, brokel dantza sailekoak… baita ere, dantza horietan erabiltzen diren urratsak: lau arin, sentziloa, laisterkak, zorrotzak…
Baina, segur aski, Soinu Zaharrak izan ziren jaso zuen dantza bildumaren gauzarik garrantzitsuena. Dantza hauek oso antzinatik datoz eta garai hartan galtzen ari ziren. 24 bat Soinu Zahar bildu zituen; bai bere musikak, Pedro Albeniz musikari donostiarraren laguntzarekin, bai dantzariek ondo memorizatu behar dituzten egitura irregularrak ere. Zortzikoak bezala, dantza hauek interpretazio askekoak dira, betiere, irizpide batzuk errespetatuz: simetria, urratsen goranzko zailtasuna eta zati bakoitzaren amaieran itxiera pausoa egitea. Iztuetak hau idatzi zuen bi dantza hauek bereizteko: «Zortziko bat bakarra dantzatzen dakienak, dantzatu ditzake milloika baña soñu zar bat jakiñagatik ezin dantza dezake bestea, berriro ikasi gabetanik».
«Zerk bultzatu zuen Iztueta liburua idaztera? Ziur aski, Gipuzkoako dantzei zien begirune eta maitasuna izango zen lehen arrazoia, eta, bestetik, dantza hauen desagerpenarekiko zuen kezka»
Zerk bultzatu zuen Iztueta horrelako liburu bat idaztera? Ziur aski, Gipuzkoako dantzei zien begirune eta maitasuna izango zen lehen arrazoia, eta, bestetik, dantza hauen desagerpenarekiko zuen kezka. Ilustrazioarekin ideia berriak etorri ziren eta hauek eragina izan zuten, bai dantzan eta bai musikan. Danbolintero asko musikari izatera pasatu ziren eta doinu zaharrak interpretatzeari utzi zioten, modernoagoak jotzera pasatuz, balsa eta kontradantzak, besteak beste. Gaur egun, pertsona eta talde askoren ahaleginari esker, egoera hobea da.
Emanaldi hau Donostian egitea ez da kasualitatea. Iztueta dantza maisua zen eta harreman ugari izan zituen gure hirian, horien artean, hiriko kultur eragileak. Udalak hainbatetan euskal dantza maisu gisa kontratatu zuen eta liburua idazteko zirika ere, ematen du udaletxeko idazkari izatera iritsi zen Lorenzo Alzatek egin ziola. Horregatik liburuaren hitzaurrean aipamen hau idatzi zuen: «Eskaintza, Donostiako uri txit leñargiti eta guztiz leial maite maitagarriari».
Beraz, euskal dantza maite dugunok topaketa ederra dugu larunbat honetan Trinitate plazan. Hor ikusiko dugu elkar.