Izurria
Izurria, hau da, Slavoj Zizek idatzi berri duen liburuaren izenburua. Txalaparta argitaletxeak plazaratu berri du. Euskarara itzuli duena, berriz, Danele Sarriugarte da, eta liburuaren hitzostea Imanol Galfarsoro irakasle eta filosofo ezagunak egin du. Galfarsorok Zizeki buruz esaten du, gaur egun, filosofia garaikidean puntako pentsalari sortzaile ospetsu eta oparoenetakoa dela munduan.
Zizek idatzi duen liburua COVID-19ari buruzko gogoeta da. Liburuak 141 orrialde besterik ez ditu, eta erraz irakurtzen da. Hemen egingo dudana, irakurtzen aritu naizen bitartean azpimarratu ditudan ideia batzuen berri ematea izango da:
-Zergatik hartu gaitu ustekabean hondamendi honek, baldin eta zientzialariek aspalditik ohartarazi badigute halakoen etorreraz? Zein da gure sistemaren akatsa?
-Gu geu gara Lurreko bizitza errukirik gabe ustiatzen ari diren Marteko inbaditzaileak.
-Baina, beharbada, beste birus ideologiko bat zabalduko da, askoz onuragarriagoa, bestelako gizarte bat irudikatzera eramango gaituen birusa nazio-estatutik harago doan gizartea, elkartasun eta kooperazio globalean oinarrituko dena.
-Koronabirusak bultzatuko gaitu, hain zuzen ere, komunismoa berrasmatzera, jendearenganako eta zientziarekiko konfiantza oinarri hartuta.
-Klimaren krisiak askoz jende gehiago hiltzen du koronabirusak baino, eta hala ere gai horren harira ez da izu-arrastorik piztu.
-Horrenbestez, berriro ere hautatu beharra dugu: barbarismoa ezarri, ala komunismoa aldez edo moldez berrasmatu.
-Gaur egun bostekorik ez ematea eta norbera bakartzea da elkartasuna erakusteko modua.
-Kontua da, bizitza inoiz nolabaiteko normaltasun batera itzuliko balitz ere, normaltasun hori ez dela izango birusaren agerraldiaren aurretik bizi genuen egoera bezalakoa. Gure eguneroko bizitzan arruntzat jotzen genituen gauzak ez dira berdinak izango…
-Krisi hirukoitz batean gaude: krisi medikua (epidemia bera), krisi ekonomikoa (zeinak ondorio latzak baititu, epidemiaren bilakaera edozein izanda ere) eta krisi psikologikoa.
-Azkenaldian bolo-bolo dabilen ideia lasaigarri usteko batek aditzera ematen duenez, krisi honek denoi eragiten digu, eta horregatik, politika ahaztu eta batera jardun behar genuke geure burua salbatzeko ahaleginean. Nozio hori faltsua da, ordea, egiazko politikak behar ditugu, orain. Elkartasunari buruzko erabakiak, izan ere, zeharo politikoak baitira.
-Gerta daiteke muturreko hainbat taldek nazien estrategia gauzatu nahi izatea, hots, «hil daitezela zaharrak eta ahulak, gure nazioa indartu eta gaztetzeko».
Azkenik, eta amaitzeko liburuan bertan datorren Immanuel Kanten esaldiarekin amaitu nahi nuke: «Obeditu, baina pentsatu eta eutsi pentsatzeko askatasunari».