Jai herrikoi eta feministen alde, abant
Donostiako Piratok aurten ere gogoz ari gara Aste Nagusi Pirata antolatzen. Egitaraua, azpiegitura, eta bestelakoak prestatzearekin batera, eraso sexisten aurrean eman beharreko erantzuna eta protokoloen inguruan ere hausnartzen aritu gara. Jakina den bezala, badira urte batzuk Donostiako Piratok eraso sexistei erantzuteko protokoloa, eta horren baitan, Puntu Morearen planteamendua, martxan jarri genuenetik. Denborarekin, garapen handiko lan-lerroa izatera iritsi da: erasoak salatu nahi zituzten neskentzako arreta-gunea (Puntu Morea), erasoak salatzeko eta artatzeko telefonoa, puntua kubritzeko txandak, protokoloa Piraton baitan aurre-lantzea, eta guzti honen sozializazio kanpaina…
Elementu guzti horien gainean eginiko lanari esker, erreferentzialtasun handia lortu izan du Piraton Puntu Moreak, 2019ko Aste Nagusian (“normaltasunez” ospatutako azkena) gertatutakoa horren adibide. Urte hartan, Piraten gunetik kanpo jazotako eraso matxista ugari salatu eta artatzeko, neska askok jo zuten kai-guneko Puntu Morera. Horrela, hiriko beste toki batzuetan erasotuak izan ziren neskak artatu zituen Puntu Moreak; tartean, baita intentsitate altuko erasoak ere.
2019ko esperientzia hura oinarri izan dugu aurtengo Aste Nagusiari begira hausnartzen jarri garenean. Horri tiraka, zenbait ondorio atera ditugu: batetik, argi dago neska batek, erasoa jasan duenean, normalean badakiela “bide klasikoetatik” erasoa salatu eta artatua izateko aukera baduela (polizia-etxea, larrialdietako zenbakia…). Ordea, bide horiek urruntasunez bizi ohi dira, oso arrotzak gerta daitezke jada zaurgarri sentitzen den neska batentzat; horren aurrean, gertutasunezko tratua emango duten gune seguruak lehenestea ulertzekoa da.
Bigarrenik, Piraten gunetik kanpo gertatutako erasoak salatzeko Piraten gunera jo izanak erakusten du hiri mailan behar hau asetu gabea zela. Piratok argi dugu behar hau botere publikoek asetu beharrekoa dela. Zentzu horretan, Piratok egin dugun lana izugarria izan da, urtez-urte gertutasunezko arreta bat ematera begira; hala ere, kontziente gara erasoak jasan dituzten emakumeek merezi duela gertutasunez, baina baita segurtasun eta profesionaltasun osoz ere, artatua izatea. Hori guztiagatik, Piratok aurtengoan Donostiako Udalari eskaera eta proposamen konkretua egitea erabaki genuen, eraso sexisten artatzeari begira hirian daukagun hutsunea gertutasun, integraltasun eta profesionalitate osoz betea izan dadin.
Hori horrela, Donostiako Udalari hirian zehar Puntu Morearen logikan arituko ziren zenbait erreferentzia-gune martxan jartzea eskatu diogu. Gune horietan, lehen-arretan arituko diren profesionalak aurkitu behar lirateke, erasoa jasan duena goxotasunez eta segurtasunez aholkatu eta akonpainatzeko.
Berdintasun teknikariekin asteetan zehar eginiko ibilbidearen ostean, Donostiako Udalak onartu du lehen-arretaren hutsuneari heldu eta orain arteko planteamenduari buelta bat ematea. Beraz, Bulebarrean izan ohi dugun informazio-guneak, lehen aldiz, artatze eta salaketa beharrei ere erantzungo die. Horri esker, eraso bat jasan duten pertsonek bertara jo ahalko dute nahi izan ezkero.
Piratok kontziente gara planteamenduak badituela hutsuneak: hiriaren luze-zabalerako gutxiegi da gune bakarra jartzea, eta gainera, gune horretan lanean arituko diren langileak gutxiegi dira artatze lasai bat bermatzeko. Ordea, emandako norabide aldaketa ezinbestekoa iruditzen zaigu erasoak jasango dituzten emakumeek jaso beharreko kalitatezko tratuari begira. Piratok, gainera, argi utzi nahi dugu koordinazio eta gunearen osaketan laguntzeko konpromisoa adierazi dugula proposamena luzatu genuen une beretik. Eta ez hori bakarrik, adi egongo gara planteamenduak dituen hutsuneei, datozen urteetara begira arreta osoago eta feministago bat artikulatzeko. Piratok jarraituko dugu kai-gunean, baina baita Donostia osoan ere, inolako erasorik gabeko jaiak izan ditzagun lanean.
Jai herrikoi eta feministen alde, GORA DONOSTIAKO PIRATAK!