'Jasanezina da'
Topoaren igarobidea. Metroa ere deitzen diote. Ni Zarautz hiribidean bizi naiz. Lau hilabete dira lanak hasi zirenetik. Oraingoz sufritzen ari garen albo kalteetako bat da aparkaleku gutxiago izatea: 60 aparkaleku gutxiago ditugu Eugenio Imaz kalean, langileentzako etxola prefabrikatuak jarri dituzte lekuan. Gainera, errei bat moztu dute. Eta larriena: gune honetan zegoen basoaren eta mendiaren suntsiketa. Zertarako? Zementuzko horma erraldoi bat egiteko, honek ingurumenean izango duen atzera bueltarik gabeko kaltearekin. Mendia husteko lanek hautsa sortzen dute, kamioiak joan-etorrian dabiltza lurra eramaten eta harria apurtzeko mailu hotsa jasanezina da. Eta horrela, goizeko zortzietatik arratsaldeko seiak edo zazpiak arte, larunbat goizak barne.
Zarata eta hautsa dela eta, leihoak itxi egin behar ditugu. Hemen bizi garenoi Topoaren igarobideak ez digu inolako abantailarik ekarriko. Gertuen izango dugun geltokia bost minutu baino gehiagora izango dugu, eta guk jada baditugu autobus geltokiak etxe azpian, oso ondo komunikatuta gaude.
Metroa egiteko lau urte baino gehiago beharko dituzte, eta 2015eko memoriak dioenaren arabera, 173.006.340,46 euroko aurrekontua bideratuko dute azpiegitura honetara. Lau hilabete daramagu lanak sufritzen eta jasanezina da. Eta, dirudienez, hau hasiera besterik ez da. Zuzenean eragiten digun bizilagunontzako txarra da hau guztia, baina proiektu honek guztioi eragiten digu. Inbertsioak bai, baina beharrezkoak diren proiektuetan.
Mamen Bayon (Antiguako bizilaguna)