Jexux Arrizabalaga: 'Euskaraldia (I)'
Datozen hilabeteetan euskararen normalizazioaren inguruan ez ezik beste arlo batzuetan ere ekimen garrantzitsuak etorriko zaizkigu. Egitasmo edo jarduera hauek gure munduan aztoramendua eragingo duten erronkak izango dira.
Oraintxe burura datozkidanak hauek dira: pentsiodunek 1.080 euroko aldarrikapena errealitate bihurtzeko erronka; Gure Esku Dago mugimendutik ekainaren 10erako Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotu nahi dituen giza-katea –aurretik, joan den larunbatean Donostian egin zuten 4,5 kilometroko (Haizearen Orrazitik, Saguesera) korrikaldia– eta azaroaren 23tik abenduaren 3ra egin nahi den Euskal Herri mailako Euskaraldia, non bultzada handi bat eman nahi zaion berreuskalduntzeari.
Euskarak aro berri bat behar duela aipatuz, berreskuratuko dut Zuriñe Gojenola Goitiak Berria-n, apirilaren 24an, esandakoa. Haren ustez, aro berri honek lau ardatz izan beharko lituzke:
1. Hizkuntza eskubideak eta aktibazio soziala. Diskurtso horren baitan herri/kultur identitatearen aldarrikapena.
2. Hizkuntza- burujabetza izango duten egitura juridikoak eta politikoak.
3. Berreuskalduntze fase berri bat. Herri akordioa.
4. Euskara kohesio sozialerako tresna. Euskaraldia.
Ados nago dioenarekin. Kontua da esaten den hori egikaritzea eta horretarako euskalgintza deitzen diogun mugimendu hori herritar ahalik eta gehienekin lotzea, aldi berean, administrazioa ere elkarlanean jartzea, guztiok batera eragin dezagun euskaldunok behar dugun ahalduntze horretan.
Duela gutxi Joan Mari Torrealdaik Asedio al Euskara liburu mardula plazaratu du. Liburua gaztelaniaz idatzita dago, eta batez ere erdaldunei zuzenduta. Liburuan 1978tik aurrera sortutako materialez osatua dago %61,5ean, hain zuzen ere, beraz, azken hamarkada hauetako aipuez osatua dago. Azken 40 urte hauetan euskararen aurkako nagusitasuna ukatu nahi da, eta horrekin batera azken 40 urte hauetan euskarak izan duen bilakaeraren harira egindakoa ere bai.
Aipu horietako bat hau da: «La lengua vasca nunca ha sido perseguida sino abandonada espontaneamente por sus hablantes, conscientes de su escaso valor, por lo que su normalizacion linguistica no tiene justificacion historica». (Jon Juaristi. Asedio al Euskara. 413. orrialdea)
Bueno, hau liburu honetan agertzen den aipu txikienetako bat da. Liburuan behin eta berriro agertzen dira Jon Juaristi, Mikel Azurmendi, Carlos Martinez Gorriaran, Aurelio Arteta eta enparauak euskarari buruz euren iritziak ematen. Perla ederrak daude.
Ez dakit aipu hau irakurtzen duenak zer pentsatuko duen. Dena den, bat baino gehiago izango dira aipu honekin bat datozenak, alegia, baietz, egia dela esaten duena, hori dela gertatzen zaiguna uste dutenak.
Hala ere, ezingo dugu ukatu hemen euskal komunitate bat dagoela, beti izan dela, eta gaur egun ere badela, euskaraz bizi nahi duena, alegia, eta ahaleginak egin nahi dituena ahalik eta herritar gehien limurtu eta etorkizuneko Euskal Herri euskalduna amesten duena. Horixe da guztion artean irabazi beharreko apustua