Jexux Arrizabalaga: 'Euskararen eguna dela eta'
Abenduaren 3an Nazioarteko Euskararen Eguna ospatzen dela eta probestu nahi dut Donostian euskarari dagokionez nola gabiltzan ikusteko, jakinik esango dudana mugatua eta partziala izango dela.
Euskararen Nazioarteko Eguna 1949an izendatu zuen Eusko Ikaskuntzak eta egun hau aukeratu zuen, hain zuzen, 1552ko abenduaren 3an hil zelako Xabierreko Frantzisko, beraz, nafar horren heriotzaren eguna ere ospatzen dugu. Dirudienez, hil zorian zegoela, jesuita horrek azken otoitzak euskaraz egin zituen, eta hori izan zen motiboa. Gero, 1995ean Eusko Jaurlaritzak Euskaltzaindiarekin batera Euskararen nazioarteko egun hori ofizial egin zuen.
Zein da gaur egun hemen Donostian euskarak bizi duen egoera?
Begirada bat ematen badugu egoera gazi-gozoa dela aitortu behar dugu. Izan ere, eta alde gaziari begiratzen badiogu, euskararen erabilerak ez du aurrerapausorik eman eta ezagutzak ere eskolako gaztetxoen artean ez du aurrerapen handirik izan azken urte hauetan, jakina, egoera horrek argi gorriak piztu ditu euskalgintzan. Egoera honen kontzientzia erabatekoa da bai euskalgintzan, bai instituzioetan.
Begira dezagun azken urte hauetan Donostian gertatu diren zenbait jokabide, ebento eta ekitaldi, alde batera utzita beste esparru asko, euskararen normalizazioari dagokionez, beti ere. Donostia 2016 europar kultur hiriburuak ez dio ekarri euskarari eta euskal kulturari abantaila handirik: inagurazioko Elkarbizitza izenarekin Maria Kristina zubian egin zena lotsagarria eta iruzurtia izan zen, halaber, San Telmo museoan antolatu zuten Bakearen Hitzarmenak non Espainiako Errege- Erreginak gonbidatuak etorri ziren eta 2016ko ebento nagusia izan zela esan zuten eta Okendo almiranteari goratzarre egin zioten. Gertakari honek ez zuen izan ezer ez baketik eta ez euskara eta euskal kulturatik. Segi dezakegu gertakizun gehiago aipatzen, baina, hemen geldituko gara.
Ondoren etorri zen turistifikazioa edo nahi bada turismoaren ‘boom’-a eta egoera horrek ere ez dio mesede askorik egin hirian euskara normalizatzeari. Ekarri duena, Parte Zaharrean behintzat, ostalaritza are erdaldunagoa izatea etorri diren frankiziak eta oroigarri dendak direla eta. Leku hauetan salbuespenak salbuespen ez dute ez euskaraz artatzen ez paisaia euskalduna izaten. Horrela gabiltza euskararen normalizaziora aurrerantz egin ordez karramarroak bezala atzeraka.
Instituzioek eta euskalgintzak elkarrekin sustatu behar dugula euskara esaten ari gara eta badirudi urratsak ematen joango garela elkarlanean, eta pozgarria da, horregatik, ez da ulertzen duela ez asko, urte honetan bertan Tabakalerako (instituzio guztien artean kudeatzen dute) euskaraz ez dakiena hautatzea zine eskolako zuzendari. Horrelako erabakiak hartzen badituzte sinesgarritasun handirik ez du izango elkarlan horrek. Ezin zaie herritarrei ahaleginak egiteko eskatu neurriak hartu behar dituztenek ez badute aurrerapausorik ematen.
Eskerrak badiren herri ekimenetik sustatutako ekimen eta jardunbide eredugarriak. Horien artean kalean ospatzen direnak. Piratak aipatu behar dira lan polita egiten ari direlako jai herrikoietan, parekide eta euskaldunak antolatzen ari baitira. Hortaz, baten batek merezi badu urrezko danborra elkarte honek merezi du, azken urte hauetan euskararen alde egin duen eta egiten ari den lanagatik.
Honez gain, aipatzea merezi duen beste gertakizun garrantzitsu bat Bagera elkartea izan da, izan ere, euskararen normalizaziorantz euskalgintzaren erreferente nagusi bilakatu baita.