Jexux Arrizabalaga: 'Gizonezkoa eta feminismoa'
Zein da gizonezkoaren rola feminismoan?
Ez da erraza galdera honi erantzutea. Hitz gutxitan esan daiteke: berdintasunean oinarritutako jardueran eragin behar duela gizonezkoak. Ordea, hori zertan datzan zehazten saiatu beharko dugu.
Egun hauetan sare sozialetan hamabi aholkuko zerrenda bat dabil, non esaten den martxoaren 8ko greba egunean (eta ondorengo egunetan ere bai) gizonezkoek zer egin behar dugun. Hau da hamabiko hori:
1- Aita bazara, zure seme-alabez arduratu eta eztabaidatu, zein ikasleen greba lagundu (guraso elkartean, eskolan eta abar)
2- Laguna bazara, zure lagunen umeak zaindu ditzakezu.
3- Lankidea bazara, zure lantokian emakume greba zabaldu eta babestu.
4- Lantegiko nagusia bazara, zure enpresan lan egiten duten emakumeei elkartasuna adierazi.
5- Eskolako kidea bazara, eskolara joan behar ez duten emakume ikaskideen eta ikasleen lanuztea babestu.
6- Irakaslea bazara martxoaren 8an zerrendarik ez pasatu.
7- Zure familian, elkarbizitza taldean edo inguru afektiboan zaintza behar duenik badago, has zaitez egun horretatik aurrera ohiturez emakumeok betetzen dugun lan horretaz arduratzen.
8- Emakume batekin harreman sexu afektiborik baduzu, martxoaren 8an kalean egoteko behar duen laguntza guztia emaiozu.
9-Zabaldu mezua zure lagun eta talde guztien artean. Militante bazara eraman zure eremu politikora.
10-Merkatuan ez kontsumitu.
11-Martxoaren 8ko mobilizazio batera bazoaz, jar zaitez atzeko partean, ordenarik eman gabe eta manifestazioa zuzentzeko asmorik gabe, laguntzeko jarrerarekin.
12- Greba egunaren aurretik eta ondoren, beste gizonezkoekin bildu zaitezke zuen maskulinitatearen inguruan elkarrekin hausnartzeko, lan pertsonala eta kolektiboa egiteko, zuen pribilegioez kontzientzia hartzeko eta menderakuntzarik gabeko jendartea lortzeko bidean pausoak emateko.
Batzuek uste dute azken urte hauetan mugimendu feministak urrats handiak egin dituela, beste batzuek, berriz, ahalegin handiak egin badira ere ez dela emakumearen emantzipazioan askorik aurreratu. Hemen ere, badirudi botila erdi betea eta erdi hutsa ikusten dutenak daudela.Hala eta guztiz ere, berdintasunaren ideia bizitzako arlo guztietara zabaltzea dela kontua iruditzen zait, zabaltzea eta praktikan gauzatzen joatea eta horretan saiatu beharko genukeela guztiok.
Bukatzeko esan nahi dut martxoaren 8ko deialdia globala dela, hau da, munduko emakume guztiei zuzenduta dagoela. Globala denez zapalkuntza, globala behar du izan borrokak ere. Horrela planteatzeak indar izugarria ematen dio mugimenduari, eredugarri bilakatuz beste borroka mota guztietarako: hizkuntza gutxituen aldeko borrokarako, langile zapalkuntzaren aurkako borrokarako, ekologiaren aldeko borrokarako eta abar.
Mugimendu feministan badaude esaten ari naizena pentsamendu heterozuzena dela esaten dutenak eta beraz menperatzailea eta zapaltzailea dela diotenak. Egia esan, ez naiz gai ur horietan sartzeko, handiegiak baitira niretzako.