Jexux Arrizabalaga: 'Jubilazioa eta jubilatuak'
Neu ere jubilatuta nago eta elkarretaratzeetara, noizean behin, joaten banaiz ere,ez naiz beste zenbait bezala antolatuta dagoen horietakoa. Hau da, badira lau edo urte gehiago kolektibo honetan lan militantea egiten ari direnak, eta ni ez naiz horietakoa. Hala ere ikusten dudana ikusita atrebitzen naiz testu hau idaztera.
Hasteko esan, jubilatuak eta jubilatuak daudela. Esan nahi dut, hilero gutxigora behera 2.500 euro gordin jasotzen dutenak eta 700 euro inguru gordin jasotzen dutenak daudela. Jakina, egoera okerrena dutenak azken hauek dira, gehienak emakumeak dira: etxekoandrak, alargunak, arrazoi desberdinengatik kotizatu ez dutenak, lana latz egin arren kotizatu gabe aritu direnak eta abar. Hau da, egoera larriena duen multzoa. Ondoren datoz autonomoak izan direnak, lan egoera horrela izatea tokatu zaielako gutxi kotizatu dutenak, epe laburrean kotizatu dutenak eta abar. Egoera hau guztia ikusita 1.080 euro minimoa izan behar duela dio Europako itun sozialak eta hori lortzeko borroka egitea zilegi da.
Kutxa bakarraren kontua.Komunikabideetan etengabe esaten digute diru gehien jasotzen dutenak EAEko jubilatuak garela. Hori egia eta logikoa da, gehien kotizatu dugunak garelako. Halaber, esaten digute solidariaoak izan behar dugula estatuko beste lurraldeekiko, eta beraz, kutxa bakarrarekin hobeto ibiliko garela. Hau aspalditik datorren diskurtsoa da, hau da, kutxa bakarra beharrezkoa dela, alegia.
Ikuspegi honen aurrean gauzak nola dauden eta nora goazen begira jarrita, hemen gero eta gehiago gara uste dugunak geure gizarte segurantza eraiki behar dugula. Gainera,kontuan izan behar dugu Eusko Jaurlaritzak, eta Nafarroako Gobernuak ere bai, gizarte segurantza propioa izateko eskumena dutela. Egia da Madrilek ez duela eskumen hori transferitu nahi, baina, horrek ez du eragozpen izan behar helburu hori lortzeko bidean pausoak emateko.
Eusko Jaurlaritzako Azpiazu ekonomia sailburuak dioen bezala: “Gaitasuna dugu geure gizarte segurantza ondo kudeatzeko eta bermatzeko”, beraz,hasi daitezela Madrilek zer erabakiko duen zain egon gabe. Posible da, egingarria da, pausoak ematen joatea. Esate baterako, botikak dohainik eskuratzea posible da, jubilazio sari unibertsal eta duina ere posible da eta abar. Posible da pausoak ematen joatea aipatzen ari garen ildo horretan. Ez al dugu bada helburu ongizate soziala?
Europako herrialde aurreratuetan jarri behar ditugu begiak, zeren eta erreferentzia baitira, arlo honetan bederen, ez ordea beste arlo batzuetan, esaterako, Danimarkak etorkinei ateak eta mugak itxi dizkie. Danimarkak duen politika hori inondik ere ez da eredugarria. Baina, etorkinen kontu hori aztertzea beste baterako utziko dugu.
Orain esan dezagun jubilatuen elkarretaratzeetan aldarrikatzen dena:”Hemen lan egin, hemen kotizatu, hemen saria jaso”.
Jexux Arrizabalaga, Filosofian lizentziaduna