'Jogurtak'
Xabier Etxaniz Rojo, idazlea
Mallorcako partida ikusten ari nintzela, Jose Coronado aktore eta jogurt saltzaile espainiarrarekin oroitu nintzen. Izan ere, Reala bi rol horietan ibili zen joan den igandean, bien artean saltoka, orain aktore, orain jogurt saltzaile. Eta partida ondo hasi bazen ere, azkenean jogurt saltzailearena izan zen gure papera. Lastima!
Hasiera batean gustatu zitzaidan gure gidoilariak egin zuen paper banaketa. Illarramendiri Vito Corleonearena egiteko agindu zion, jaun eta jabe, aginduak ematen. Marigak polizia gaiztoarena egin behar zuen, eta keniarrak –hasieran behintzat– ondo bete zuen papera. Agirretxeri, ordea, hiltzailearen papera egokitu zitzaion.
Pelikulak itxura ona zeukan eta kritika pozik zegoen, urrezko maskorrak barra-barra banatzeko prest.
Baina orduan iragarkien tartea iritsi zen. Eta esan zigutenean Laudrupen Mallorca hau idorreriak jota zegoela eta arazoak zituela heste-floran, zinema utzi eta publizitateari ekin genion. Idorreria? Horretarako geuk bazaukaagu erremediorik! Heste-igarotze txarrak dituala? Ez kezkatu, geuk bazakiagu hori nola konpondu, egon hadi lasai, motel paper horretan ere gustura aritu ginen, eta ez da harritzekoa, urteak baitaramatzagu ondo betetzen. Eta gauzak horrela, bigarren zatiaren hasieran, langek ez zigutela lagundu nahi ikusita, zinema utzi eta joan egin ginen partidatik. Mallorcak zer behar zuen, huraxe eman genion: bifidus-ez betetako jogurt berde eta goxo bat. Egia da Montanierrek pantaila handira itzularazi gintuela, baina ordurako berandu zen eta saririk gabe itzuli ginen etxera, Jose Coronado bezalaxe. Bakerik ez maltzurrentzat. Ezta punturik ere jogurt saltzaileentzat.
Eta datorren igandean, beste pelikula bat: Derbi Handia. Baina hori ez dizuet nik kontatuko ezpada Vazquez Handiak –Xabik, ez Manuelek–.
Ez dakit zuek baina ni ikaraturik nago. Izan ere, bizilagunak ere ez baitabiltza sabeletik oso fin. Idorreria? Beherakoa? Bielsitisa?… Ez dakit baina hobe dugu jogurt guztiak hozkailuan ondo gordetzea…


