Joko Garbiaren joko arrea
Joko Garbia Donostiako Udalari lotutako ekimena da, hondakin organikoen birziklatzea bultzatzeko diseinatua dagoena eta bosgarren edukiontzia (marroia) erabiltzeko aukera ematen duena. Udalaren programa honek urtean behin hobari bat eskaintzen dio erabiltzaileari, edukiontzia erabili den aldien arabera.
Idatzi honen bidez, Joko Garbiaren programa honek erabiltzen duen joko ilunaren berri eman nahi diot herritarrari, udala zergak kobratzeko pronto izaten baita beti, baina hobariak emateko tonto portatzen baita. Ederra jokoa!
Orain gutxi, Euskadiko kutxak mezu bat helarazi zidan esanez atzera bueltan bidali zutela udalak nire alde egindako transferentzia bat, okerreko kontu batera egin baitzuen. Udalak, berriz, ez dit inongo momentutan oker horren berririk eman, ordaindu gabe utzi nahiago izan du.
«Zergadunon betekizuna udalarekiko obligazio hori betetzea den bezalaxe, neurri berean izan behar du udalaren jokabidea hiritarrekiko irmoa hobariak ematen direnetan»
Programaren langile batek jakinarazi zidan beren fitxategietan nire etxeko helbidea beste daturik ez zutela eta haiek jakinarazpen horiek telefonoz edo helbide eletronikoaren bitartez soilik egiten dituztela, etxera posta arruntez ez, paperik ez! Nirearen moduko kasu batzuk badauzkatela esan zidan eta etxean ez zutela oharrik jasoko. Adi, beraz, hiritar hori, zure datu batzuen faltan dirutxo hori gabe geldituko zara eta.
Zergatik udal honek zergen kobratzea egokitzen denetan jokatzen du, justu, alderantziz? Zergaren baten ordaintzea egokitzen zaionean hiritarrari, izan gainbalioarenak, ondasun higiezineko zergak, izan ura edo zaborrarenak ederki asko arduratuko da udala ordainagiria edota jakinarazpena postaz igortzeaz, aurkituko du ordaintzailea, areago zergaduna bere derrigorrezko betekizunean atzeratu bada. Ordainagiria helbideratua egonez gero, asmatuko du ondo non egin kargua.
Zergez eta hobariez ari garela, zergadunon betekizuna udalarekiko obligazio hori betetzea den bezalaxe, neurri berean izan behar du udalaren jokabidea hiritarrekiko irmoa hobariak ematen direnetan, Joko Garbiaren kasuan gertatzen den gisan; alegia, udalak sendotasun berarekin joka dezan eskatzen dut, iskin egin gabe.