'Espektatiba kontua da'
Jon Markel Ormazabal, musikaria
Denok egin dugu bat ekonomikoa soilik ez den krisiaren larritasunarekin. Asko izan gara pankartaren atzean jarri garenak. Oihu egin dugu manifestazioetan. Grebara ere irten berri gara. Baina beste asko hazkunde ekonomikoa berriro noiz helduko zain bizi gara, ideia horrek segurtasuna ematen digulako. Eta ohiko protesta ereduez aparte, krisia bera sortu dutenengan jartzen dugu egoera honetatik irteteko esperantza. Joseba Azkarraga soziologoaren hitzak orriotan landatuz: norbaitek artsenikoa jarri digu plater batean; lasai asko jaten jarraitzen dugu, eta, gainera, plateraren goxoa txalotzen dugu. Krisi ekonomikoa gurera heldu zenean ohartarazi zuten, nolabait, eragina izango zuela gizartearen buruko osasunean. Imanol Kerejeta, Donostia Ospitaleko Psikiatriako buruaren ustez, “arazoaren neurria” datorren urtean ikusiko dugu. Etorkizuneko itxaropenak dira pertsonaren biziaren motorrak. Helbururik ez badugu, desiorik ez badago, ez ditugu gauzak egiten. Krisi egoerak gure baitara garamatza, indibidualismora, hurkoaren arazoez paso egitera… nahikoa baitugu geure arazoekin. Eta hazkunde ekonomikoa berriro noiz helduko zain egongo gara, ostrukarena egiten. Baina gure jarrerak irtenbiderik ez duela ematen ikusteak abulia batera eraman gaitzake, gogogabetasunera. Baita protesta eta mobilizazioen ondoren ezer aldatzen ez dela ikusteak ere. Argi dago Lan erreforma deiturikoa ez dutela Madrilen geraraziko. Ez dute elkarrizketa sozialaren bitartez geraraziko. Eta sindikatuek “enpresak sindikalizatzearen” alde egin dute. Enpresei erreformak eman dien botereari aurre eginez, enpresetan erreforma geratzea lortu daitekeelako. Zenbait instituzioek ere esana dute ez dutela erreforma ezarriko. Arazoa, ordea, sakonagoa da. Alternatibak sakontasun bera behar du izan. Argentinan edo Venezuelan, kasu, langabeziari aurre egiteko, langileak berak egin ziren enpresen jabe, eta autogestioaren bitartez atera zituzten aurrera. “Lantegi berreskuratuak” dira: langilerik gabeko enpresak ezinezkoak dira, baina patroirik gabekoak posible dira. Euskal Herrian badugu kultura kooperatibista indartsua. Baina zein eredu dute? Transformazio soziala praktikatzeko tresna den Bagara-k hiru urte daramatza kooperatibismoari zentzua bilatzen laguntzen. Jarrera berritzaile, praktiko eta kontziente batetik abiatuta, kooperatiben gizarte eraldaketa helburuari erantzun nahi zaio. Eragile kooperatiboak eta sozialak ipar bati begira jarri nahi dira: euskalduntasuna, iraunkortasuna, elkartasuna eta auto-eraketa oinarri ideologikotzat hartuz. Kooperatibetan antolatuta, Brasilen lurrik gabeko nekazarien mugimenduak lurrak okupatzen dituen estilora, Erroman eraikin publikoak okupatzen dituzte etxea galdu duten herritarrek. Autorecupero mugimendua da. Grezian Kilkis ospitalea langileek dute kontrolpean. Eta guztia borobiltzeko, Auzolan ekimenak antolatuta, otsailean Euskal Herriko Moneta Askeen Lehen Mintegia ospatu zuten Urdirotzen. Auto-antolaketaren bidez ekiten hasteko garaia dela nabarmendu zuten, elkarlan eta elkarguntza tradizionalak berreskuratuz, eta ahalduntze politikoaren nahiz demokrazia zuzenaren zenbait adierazpen –auzolana eta batzarra– berriz eratuz. Ekonomia beste modu batean ulertzeko tresna izan daiteke txanpon askea. Krisiak agerian utzi du eredu baten gainbehera: modernitate kapitalistarena. Herri mugimendua da herritarrok ditugun uste, behar nahiz aldarrikapenak azaltzeko gune naturala. Botere guneak berreskuratzen joan behar dugu. Errealitate berriak sortzen. Espektatiba kontua da.