Markel Ormazabal: 'Montag eta Kaxilda'
Kortxo kedartuz belztutako koblakaria, bata. Gobernuak ez du irakur dezagun nahi. Irakurzaletasunak zoriontsu izatea galarazten du. Irakurtzen dugunean pentsatzen, aztertzen eta bizitza nahiz inguruko errealitatea zalantzan jartzen hasten gara. Eta liburuek txori erreek bezala egingo dute jauzi, eta dantza, luma hori eta gorriko hegoak sutan dituztela. Fahrenheit 451. Hil berri da Ray Bradbury; ez ordea Montag, berak sortu pertsonaia ospetsuenetariko bat. Eta ez diot liburu gehiago erre nahi ez zuen pertsonaiak bere bizitza liburuan bizi duelako. Izango da urtebete orrietatik ihes egin eta Montag kolektiboa –www.montagsua.org– sortu zela gurean. Liburutegi askea nahi zuten, eta liburuak askatzeari ekin. Parkeetan, geltokietan, Bulebarrean… literaturaren irakurketa komunikazio ekintza delako. Emailea, mezua eta hartzailea hartu behar dira kontutan; baina baita testuingurua ere.
Emakume borrokalari eta kementsua, bestea. Egiako libertarioa. Literatura guztia delako politikoa, are gehiago politikatik ezer ez duena ematen duen hura, sortu da Kaxilda –Arroka kalea 6, Kaxilda.net–. Ekintza politiko garbia da liburu denda. Saiakera eta teoria, gogoeta filosofikoa, ikerketa antropologikoa, arkitektura, musika, arte eszeniko eta grafikoak… Prozesu sozial eta kultural desberdinak eraiki nahi dituzte, eraldaketa politikoari bide emanez.
Hatz beteko orratz… morfina edo prokaina. Gezurra ari du. Jadanik inork ez du entzuten. Irrati bat murmurka. Gezurretan ari zaizkigu eta eufemismoekin sorgortzen digute ulermena. Gezur garai hauetan gure burmuinak mantentze aholkuak behar ditu. Pentsamendu kolektibo kritikorako ahalegina. Mugimendua eta topagunea. Eskutik helduta datozkigu Montag eta Kaxilda, zein baino zein, ezinbestekoago. Pozarren behar genuke.
“Eskura ezazue bizitza”, laga omen zuen idatzita Bradbury-k. “Sar zaitezte egiazko liburutegi batean, egin igeri denboraren akuarioan, ukitu liburuak, zabaldu liburuak, usaindu liburuak. Dei iezaiozue katuari zeuen ordenagailuko sagua hiltzen lagundu diezazuen. Itzali ezazue dena”. Eta argi lauso ahularenpean, orri bat bereizi zen, elur luma bat bezala, hitzak finki gainean margotuak zituela. Sute oihulari bat.