Jon Markel Ormazabal: 'Urteurrenak'
Menekoak gose ziren, ogi eske, eta Maria Antonietari ez zitzaion besterik bururatu: “jan ditzatela opilak”. Egun ere entzun behar izaten dira halakoak, orain urtebete kale eta plazak bete zituzten haserretuek, kasu: “protesta beharrean, egin dezatela lan”. Lana? Non baina? Ezberdintasun sozioekonomikoa, langabezia, bakartasuna, pobrezia edo izu sozialaren aurkako programak erremedio gisara aurkezten zaizkio horiexek sortzea berezko duen sistemari; ogirik ez eta opilak emango dizkigulakoan.
Herritarrak ez dira geldirik egon azken urtean Madril inguru honetan. Baina meza-medioen –eta gutako askoren– arreta maiatzaren 15aren bueltan lortu dute berriro. Plazak betetzean. Gobernu delegaritzari egin desobedientzia zibil masiboarekin. Herri eta auzoetan antolatzean ikusgaitasuna galdu zuen mugimenduak, baina antolakuntza arloan aurrera egin du. Atomizazio horrek mugimendu sozialen ekintzen biderkatzea eta dibertsifikatzea ekarri du. Hau da, bilerak auzoetara mugitzean dinamika askotarikoak eratu eta sistema bera ere kolokan jartzen duten bestelako planteamendu batzuk sortu dira. Hobe genuke gogoratzea, egiazko aldaketa –hemen “iraultza” jartzea gehiegitxo zatekeen– ez dela telebisatua izango. Aldaketa, eguneroko inurri lanean garatuko da.
Urtebete igaro da, halaber, azken udal hauteskundeetatik. Hartatik sortu zen gurean udal gobernu berria; haserretuekin elkarlana sustatu duen Espainiar Estatuaren meneko udal bakarra. Batzuentzat mariantonietakeria izaten jarraituko du demokrazia zero praktikatzen duen estatu baten erakundeetan demokrazia erreala aldarrikatu eta garatzen ahalegintzea. Ez dut kontraesana ukatzen, ogitarako gai ez denak nekez eman baititzake opilak. Baina badu positibotzat, are beharrezkotzat, Bildu erakunde ofizialetako gobernuetara heltzeak. Lehenik, alternatiba kultural, sozial eta ekonomikoak egon badaudela egiazta dezagun.
Ordea, hemen ere badugu ezin ahaztukoa den lezioa. Batere harremanen eremua oso zabala da eta ez da sistema politikoan edota erakunde publikoetan agortzen. Erakundeen gobernua eta botere harremanak ez dira gauza bera eta, aginte postuetan dagoena dagoela, eraldaketa soziala ezin daiteke herritarron artikulazio eta antolakuntza gabe lortu. Hauteskundeetako arrakasta behin-behinekoa bilaka daiteke, lortutako atxikipen kopurua multzo kritiko bihurtzen ez bada. Bilduren gobernuak elkarlanerako eskua luzatzen duen honetan, albora ditzagun kultura delegazionistak. Maria Antonietak burua galdu zuen, baina menekoek gose jarraitu zuten.
