'Uxotegi'
Jon Markel Ormazabal, musikaria
Puerto de Santa Maria kartzela zaharrean “usategia” deitzen zaio isolamenduari. Goian dago, bigarren solairuan. Teilatu ondoko galeria bi dira. Iragan irailean, Donostiako Parte Zaharreko gazteek auzoak ezartzen dien isolamendua hausteko ekimena burutu zuten. Eta Gaztelubide bideko 5. atariko okupazioa Uxotegi izendatu. Hogei metro eskasera Urgull igoerako usategi zaharra dagoelako. Usategiaren aurrean Uxotegi. Aspaldi utzi genion haur-besoetakoa izateari, eta hala ere, oraindik orain larritu egiten nau gizakiak hurkoa isolatzeko duen beharrak. Batzuek zigor batzordeak sortzen dituzte, ezohiko ikerketa batzordeak besteek. Legea bihurritzen dute denek. Ramon Gomez presidente, Uxotegiren “afera” argitzeko eratu den ezohiko batzordeak ageriko helburu bi ditu: udal gobernua higatzea eta okupazio mugimendua kriminalizatzea; bata zein bestea isolatzea. Legediak okupazioa kriminalizatzera jo izan du. 1995ean Espainiako Zigor Kodeak delitu izendatu zuen, eta ordura arte bide zibiletik jorratutakoa arlo penalera igaro zen. Uxotegiren kasuan, behin behienean artxibatu da gazteen aurkako auzi penala. Ia hogei urte hauetan ez da kritikarik falta izan sistema judizialean, legegilea urrunegi joan delakoan jabetza pribatuaren defentsan. Ondorioz, praktikan ez da zigor kodea azkeneraino aplikatu. Eta hala, alde handia dago epaitegiek ondorioztatzen dutenaren eta bestelako erakunde publikoek adierazten dutenaren artean. Zergatik? Okupazioak min egiten dielako. Sistema kapitalistaren injustiziak salatzen ditu eta alderdi askoren diskurtso politikoen miseriak ageriko utzi. Eraikinaren jabeen abokatuak, ordea, bide zibilari eusten dio. Bera polizi, bera epaile. Inork baino hobeto jakin beharko luke jabetza pribatuak mugak dituela. Jendea oker dabil pentsatzen badu jabeek eskubidea dutela etxea hutsik edukitzeko. Kode zibilak abandonatutzat jotzen du eraikina urtebetez erabili gabe edukitzea. Uxotegik hogeitik gora daramatza. Ez dago eskubide absoluturik: jabetzaren funtzio soziala errespetatu behar da, eta etxebizitza bat hutsik uztea horren kontra doa. Norbaitek salatuko al du bera? Bide penalaren artxibatzea jakin zen egunean Kepasakonlakasa eta Stop Desahucios kolektiboek agerraldia egin zuten. Gipuzkoako etxebizitzen %3,6 hutsik dagoelarik, eguneko kaleratze bat burutzen da herrialdean. Gehiago diren arren, kolektiboak 500 etxe huts zenbatu ditu hirian; artean Kutxako gizarte ekintzak itxita duen 57 apartamentuko etxe bat. Bien bitartean, etxeak hutsik dauzkatenak prezioak artifizialki igotzen ari dira. Gero eta gehiago, okupazio mugimenduaren diskurtsoak eta biztanle askoren sen onak bat egiten dute. Noizko egiazko arazo gordina, espekulazioa, ikertuko duen herritarron ezohiko ikerketa batzordea? Oraingo berberek parte har lezakete: PP, PSE-EE, PNV, bankuek, abokaturen batek… baina ezarri dituzten politika miserableen gaineko kontuak emateko. Delitua, definizioz, gizartearen ustez zigortu beharreko jarrera bat da.