Jon Odriozola: 'Denon ahotan'
El Molinon entzuten dudan aldiro, une gozoak datozkit burura. Ederrak. Baina urteak daramatzat egindakoa aintzat hartuta, oinak lurrean –orainaldian- etorkizunera begira jarrita bidea egiten. Batzuetan, egoera oso ona ez denean, egia da indartzeko edo, atzera begiratzen dugula eginiko bidea ikusteko. Denetarik topatzen dugu, noski. Une alaiak. Eta garai gazi-gozoak. Gaur egungoa, ‘ez bata ez bestea’ dela esango nuke. Reala urte kamuts batetik dator baina urte berrian sartuta –asmo onak nagusitzen diren hilabetean gaude; baita ‘aldapa’rekin erlazionatzen denarekin ere…- baikortasunari keinuka ari gara, ea guregan begiak jartzen dituen, eta talde txuri-urdinak bere bidea aurkitu, bidea egin, eta nahi duen helmuga horretara hurbiltzen den.
Ibilbide horretan, zaleek ere badute zeresanik. Reala maiz da mintzagai hamaika bilgunetan. Donostiako Kultur Hiriburutzaren baitan, adibidez, Realak ‘Ahotsak’ izeneko erakusketa jarri du martxan bizikidetza kontutan harturik. Hau da, Realak elkarbizitza horretan egiten duen ekarpenaren harian. Zenbat ote dira Realeko zaleak hamabostero Anoetara joan, bere aulkian eseri eta bere ezker-eskuinean jartzen den beste zale –hasieran– ezezagun horrekin, urteak joan eta urteak etorri, adiskidantza berezia erein dutenak. Beste batzuk lagun taldean joaten dira: koadrilarekin… Bizpahiru ordu elkarrekin pasa, eta kontentu edo burumakur, etxera. Hamabost egun barru, berriz.
Ezagutzen ditut realzaleak, urte mordoa daramatenak Anoetara joaten, eta ondoko eserlekuko pertsonarekin, oso lagunak egin direnak. Hau da, bazkariak, sagardotegiak… elkarrekin egiten dituztenak. Zenbat ‘izatezko bikote’ txuri-urdin ote dago Realak jokatzen duen aldiro? Anoetan zein etxe ondoko tabernan. Edota beste hainbat lekutan.
Ondorengo jazoera, mus txapelketa batean gertatu zen. Halako batean, bi bikote, elkarren aurka jokatzen ari zirenak, jardunean, jakin zuten, bikote bat athleticzalea zela, eta bestea, realzalea. Partida amaitu baino lehen zera adostu zuten: Atheticek Anoetan jokatzen zuen bakoitzean, otordu eta partidako sarrerak bikote realzaleak ordainduko zituela. Eta San Mamesen jokatzean, alderantziz. Urtean bi aldiz, elkar ikusi eta laguntasun beroa egin zuten. Ea, gaur, El Molinonen, Realaren aldeko gol ahotsek alaitzen diguten gaueko otordua. Afalostean, izango dugu zertaz hitz egin.