Jon Odriozola: 'Erronka'
Jon Odriozola, kazetaria.
Astelehen buruzuria. Gainera, ez nolanahikoa. Aste honetako lehen eguna ez zen atsegina izan realzaleentzat. «Esaten dut ba nik, astelehenetan futbolak debekatua egon beharko lukeela!», idatzi zidan lagun batek WhatsAppez. Esperantzaz jantziriko jardunaldia erabat apurtu zen ilunabarrean. Eta nola gainera. Kolpe galanta. Txuri-urdinen inguruan dauden taldeen jardunaldia baikorra izan ez zenez, sailkapenean urrats handi bat egiteko aukera zuen Realak. Baina, astelehenean, SuperDepor azaldu zen; garai bateko haren tankerako taldea. Dena egin zuen ondo. Eta ondorioz, garaipena A Coruñan geratu zen. Lokartua zegoen taldea berpiztu egin zen Realaren kontura.
Biharkoa ere ez da partida samurra izango nahiz eta Singapurko Peter Limen taldea sailkapenaren zuloan egon; ezin amildegitik irten. Deportivoren garaipenaren ondorioz, azken laugarren da Valentzia. Alcacerrek, Bartzelonara ospa egin zuenean majo haserretu ziren zale che-ak. Eta orain, berdin-berdin daude taldearen norabidea ikusita. Ayestaran entrenatzaile beasaindarrak ez zuen askorik iraun, eta orain, Cesare Prandelli da lemazaina. Talde-lana omen du laket italiarrak. Valentzian aurkeztu zutenean, «baloia beti izatea, ezinezkoa da. Ideiak argi dituen talde trinko bat izaten ahalegindu behar dugu. Goian presionatzen duen taldea, orain baino gorago baloia berreskuratu, eta jokoa antolatzeaz gain, jokatzea zer den ere berreskuratuko duena». Orain arteko lana ikusita, egia esan, ez dakit zer Valentzia ikusiko dugun bihar Anoetan. Leganesen, Kopan, nagusitu zena; edo etxean Granada menperatzeko gai izan ez zena.
«Eta zaleak nola jasoko du gure taldea?», galdetu dit ezagun batek. «Eskuzabal», erantzun diot. Beti bezala. Honen harian, bizitzan zehar kolpe gogorrei aurre egin dien Prandellik duela bost urte botatako esaldi batek zera dio: «Zortedun gara maite dugun jendea eskuzabala denean, eta gure gogoarekin bat egiten duenean, gure esku baitago bere errespetua lortzea». Uste dut Realeko jokalariek berdin pentsatzen dutela. Azken aldian ondo ari da taldea, eta ezusteko tupust batek ez du guztia pikutara bidali behar. Bost partida
falta dira lehen itzulia amaitzeko –tartean Kopako itzulerako partida–, eta taldeak, lagun batek dion bezala «talde itxura» du. Nortasuna du. Horri eutsiz gero garaipena ez da urrun izango.