Jon Odriozola: 'Gero arte'
Jon Odriozola, Kazetaria
Gosaldu, eta lasai-lasai, Anoetara. Egun ederra. Eguraldi bikaina. Udaberriko eguzki atsegina. Harmailak txuri-urdin. Jendea esperantzatsu. Halere, ordubiak aldera, bazkalorduan, dena goibeldu zen. Batetik, emaitza. Bestetik, sailkapena. Eta bide batez, agur denboraldiari. «Museo batera joan banintz, hobe!», esan zuen taberna batetik ziztu bizian irten zen pertsona batek. Nazioarteko Museoen Egunean, zale txuri-urdinek, denboraldi luzeko irudia marko eder batean zintzilikatu nahi zuten. Baina mihise gaineko azken emaitzak, bat baino gehiago, goibel samar utzi du. «Ez dut ulertzen», zion beste batek etsipenez. Izan ere, artea ez baita batere erraza ulertzen…
Anoetako eserlekuko bizilagunak «hurrengora arte!», «gozatu udaz!», «abuztuan mintzatuko gara berriz!» esanaz agurtu, eta habiara. Etxerako bidean, taberna batean lasai tragotxo bat hartu, eta bazkaltzera. Arratsaldea etxekoekin; aspaldiko partez.
Bat baino gehiagok, ziur, ez zuela bazkariaz behar den bezala gozatu. Burua, Anoetako jangelan zuen oraindik ere. Erdipurdiko bazkari baten ondoren, postre goxo batek aurreko otorduak apaindu ditzake. Baina bazkari eder baten ostean, postre kaxkar batek, zapore gazi-gozoa uzten du.
Era horretan utzi zuen taldearen azken emaitzak zale bat baino gehiago. Nik, aldiz, aurrean jarritakoa guztia jan nuen. Gustura gainera. Futbolak ez dit jateko gogoa baldintzatzen.
Liga amaitu, eta orain, barealdia. Beno, halako zerbait. Futbolak ez baitu atsedenik, eta ez du atsedenik ematen. Uztaila bitartean, futbolzaleak ez du deskantsurik izango, batetik, Munduko txapelketa. Eta bestetik, zurrumurru-dantza. Zenbat fitxaketa, eta hausnarketa bitxi entzungo ote ditugu uztaila bitartean! Ez da giro izango! Auskalo zenbat aldiz salduko ote dugun jokalari berbera ez dakit zenbat taldetara; eta zenbat taldetan jokatuko ote duen beste hark; eta zenbat txistu gastatuko ote dugun, agian, gauzatuko ez den gertaera bat gaitzetsiz edo defendatuz… Mundua entrenatzailez josia dago.
Gaur, Realak, Osasunaren aurka jokatuko duen lagunarteko partidaren ostean, agur esango dio urte batzuen buruan aintzakotzat hartuko dugun denboraldiari. Aldiz, gorritxoek, kolpe gogorra hartu dute. Baita nire osabak ere. Izan ere, berarekin hasi nuen usadioak etenaldia izango baitu. Sadarren Realak partida jokatzen zuenean bertara joateko ohitura hartu baikenuen. Ea datorren urtean Ipuruara joaten garen. Ez legoke batere gaizki.