'Hauteskundeak'
Jon Odriozola, Kazetaria
Venezuelako hauteskundeen hausnarketa egunean ekin zioten demari Betisek eta Realak. Garaileak, etxekoak. Poza andaluziarren artean. Partida amaitu orduko, burumakur, logelan sartu nintzen. «Zer egin du?», galdetu zidan bikoteak. «Galdu!», esan nion. Eta hitz harekin nire hitz jarioa hasi zen gela txikian. Hura mitina! Jada lau direla aurtengo denboraldian etxetik kanpo garaipenik lortu gabeko partidak, taldeak aukera mordoxka izan zituela, besteen atezainak geldialdi bikainak egin zituela, arerioek aukera gutxiagoreklin bi gol sareratu zituela…
Bikotea bien bitartean ohean sartuta zegoen liburu bat eskuartean zuela. Hark bai gozatu zuela. Orri asko irakurri ei zituen. Eta nire amorrazioa aireratzen ari nintzela, zera galdetu zidan: «Noren aurka jokatu du?» Eta ondoren, «…eta horiek onak al dira?».
Galdera hark zer pentsatua eman zidan. Partidako nire hautagaiaren arerioaren berri apenas zekien, aldiz, eskuartean zuen liburuaren idazlearekin ederki gozatu zuela antzematen zitzaion. Ez zen idazle oso ezaguna, baina argi zegoen bere lana ondo egin zuela.
Hurrengo egunean ogia erostera joan nintzenean, auzoko realzale amorratuenarekin topo egin nuen okindegian. Dendariarekin hitz egiten ari zen. Edo hobeto esanda, mitin bat bailitzan ari zen; ni bart bezala. Dendaria berriz, buruarekin «bai, bai…», esan eta esan ari zitzaion. Hura mitina!
Kanpainak (Ligak) aurrera jarraitzen du. Datorren igandean, hausnarketa egun moduko bat iznago da –ez da jardunaldirik izango-, eta hurrengoan, Autonomia Erkidegoko hauteskunde gauean, Realak, Atletico Madril hartuko du etxean. Ligako liderretako bat. Hauen hauteskunde kanpaina ez da nolanahikoa izan: zazpi garaipen, berdinketa bat eta porrot bakar bat ere ez. Azken minutura arte lan egin beharko du txuri-urdinen hautagaitzak emaitza duin bat lortu nahi badu. Bi aste hauetan, ezkorrena ere bereganatzen ahaleginduko da: «Anoetan inork ez gaitu menderatu. Ezta aurrerantzean ere!», izan daiteke norgehiagokaren leloa. Jokalariak oso babestuta zelairatuko dira.