Jon Odriozola: 'Heroiak'
Jon Odriozola, kazetaria
Eusebio entzuten dudan aldiro, Pantera Beltza etortzen zait burura. Mozambiken jaio, baina Portugalgo selekzioan hamaika gol sarturiko jokalari handiak, Benfican urteak eman zituen; hamabost. Lehen mailan jokatu zuen lehen partida, estrainaldikoan, Os Belenenses-en aurka neurtu zituzten indarrak arranoek –Benficaren ikurra–. Eusebiok gol bat sartu zuen. Talde beraren aurka egin zuen iragan astean bere debuta Realarekin, ez ofiziala, Eusebiok. Eusebio Sacristanek.
Jatorri afrikarreko Eusebiok, 1966ko Ingalaterrako mundialean, bederatzi gol sartu zituen. Txapelketa hartan, Portugalek, hirugarren eta laugarren postua erabakitzeko partidan, Wembleyn, Sobiet Batasuna, 2-1 mendean hartu zuen. Hogeita sei urteren ostean, leku berean, Wembleyn, Eusebiok, –Sacristanek-, Bartzelonaren elastikoarekin Europako Kopa erdietsi zuen. Berari, Sampdoriako area ertzean eginiko falta bati esker, Koemanek, jaurtiketa bortitz bati esker sareraturiko golak eman zien kopa preziatua kataluniarrei. Moyes, Realean, ia urtebete eman ostean, etxerako bidea hartu du emaitza txarren ondorioz. Orain, Eusebio Sacristanen txanda da.
Iragana, iragana da. Orain arte lortutakoak, ez du balio. Eta ez du hasiera erraza izango. Datozen bi jardunaldietan, Sevilla eta (bere) Bartzelona izango ditu aurrez aurre. Eta ondoren, Eibar. Zezen handiak guztiak. Eta jada hamabigarren jardunaldiaren atarian gaude. Ah, eta gero Kopako kanporaketa Las Palmasen aurka. Asko du jokoan Realak. Batik bat ilusioa piztea. Abonuen berritze garaia ere ate joka datorrenez, taldeak ematen duen itxurak zeresana izango du. Horretan, eta beste hainbat alorretan.
Eusebiok dozena bat partida gutxiagoko Liga txapelketa izango du aurretik. Eta bihar, aurrez aurre, entrenatzaile gipuzkoar bat; etxe txuri-urdina ondo ezagutzen duen Unai Emery. Bere izena, bolo-bolo ibiltzen da Realeko aulkiko lemazaina nor izan daitekeen eztabaidatzen denean. Sevillan lan handia egiten ari den arren, Liga hasiera ez oso txukun batek bere egitekoa zalantza jarri dute zenbait zale andaluziarrek. Beraz, eta nahiz eta azken partidan Real Madril mendean hartu, biharko partida garrantzitsua da hondarribiarrarentzat, gorantz egiteko, edota zalantzak, are ereiteko. Bi entrenatzaileek asko dute jokoan. «Heroirik ez zuen herri bateko gure heroia izan zen», esan zuen behin Antonio Manuel Ribeiro musikari portugaldarrak Eusebioz (Pantera Beltza). Ea bihar, Eusebio, txuri-urdinak, zorte bera duen.