'Larunbatetik larunbatera'
Jon Odriozola, Kazetaria
Adin guztietako realzale asko bildu zen larunbatean Iruñean. Giro aparta. Denen ahotan hitz bat nagusitu zen: Mikel. Eta abizena, noski: Aranburu. Beroketa ariketak egitera irten orduko Mikel hitza behin eta berriz oihukatu zuten. Eta aste guztian zehar beste hainbeste gertatuko da. Realak azkenaldian jokatu duen lehia eskasena eskaini zuen. Ez zuen ezertan asmatu, eta zortzigarren partida galdu gabe lortzeko helburua, ez zen gauzatu. Halere, zaleek ez zuten taldea bakarrik utzi. Animatzen aritu ziren partida guztian zehar. Amaieran, hasieran bezala, Mikel denon ahotan. Azpeitiarra, kide batzuekin batera berriz ere aldageletatik zelaira atera zenean, txalo zaparrada ederra.
Ez dira azken txaloak izango. Larunbatean, bi xede ditu taldeak. Partida irabazi, eta aspaldiko partez, 47 puntu lortu. Ez legoke batere gaizki. Eta, garaipena, zaleei eta bere kapitainari eskaintzea. Egun berezia asteburukoa. Inork gutxi huts egingo duena. Gogoan dut Atotxa zaharrean Gorriz eta Arkonadak agur esan zuten eguna. Arratsalde hartan, Realaren historiako bi jokalari esanguratsuk talde txuri-urdina utzi zuten. Pertsona bat baino gehiago ikusi nuen zelai zaharrean malko-emariari eutsi ezinik. Realak bi lemazain handi galdu zituen baina, ondorengo urteetan ikusi den bezala, ez zuten taldea umezurtz utzi. Partida hura ere larunbatez jokatu zen.
Azken egun hauetan hamaika gauza esan dira Mikelen inguruan. Eta esango direnak. Ondo merezitako hainbat laudorio. Pertsonen handitasuna une latzetan neurtzen ei da, eta beti galdetu izan diot nire buruari zer pasa ote zitzaion kapitainari Reala Bigarren Mailara jaitsi zen Valentziako egun hartan; edota Reala instituzionalki kili-kolo egoteaz gain, zilarrezko mailan hirugarren denboraldia hastear zenean. Ez zuen taldea uzteko keinurik egin. Kapitaina izate omen da itsasontzia uzten azkena baina ezagutu ditut urperatu aurretik hanka egin dutenak ere. Larunbatean realzaleak gero arte esango dio Mikeli. Eta Mikelek beste hainbeste egingo du. Lasai doa; atzetik etorkizun oparoa ikusten duen seinale.