Jon Odriozola: 'Orrazkera'
Jon Odriozola, Kazetaria
Egunetik egunera urritzen ari zaidan buru gaineko ile kopurua txukundu asmoz, astelehenean ilea moztera joan nintzen. Ile-apaindegian ez zen beste gairik, futbola. Barkatu, Realaren Txapeldunen Ligako partida. Astearteko norgehiagoka. Hamaika tesi entzun nituen; hainbat amets. Denak baikorrak. Halere, ez nuen guztiak lantzeko aukera askorik izan, esertzerako altxa egin behar izan bainuen: «Kito, bukatu diat!», esan zidan ile-apaintzaileak. «Dagoeneko?», pentsatu nuen nire baitan.
Futbolean ere beste hainbeste gertatzen da. Dena arin doa. Manchester agurtu orduko Madrilera begira jarrita gaude. Hau da, Fellainiren orrazkeratik Ronaldorenera igaroko gara tita batean. Biak, jokalari handiak. Bi nortasun. Bi ibilbide. Bi talde. Eta erdian, Reala.
Aste zaila txuri-urdinentzat. Bi erronka. Asteartean lan eskerga egin zuen taldeak, eta bihar lanak izango ditu Ancelottiren koadrilaren aurka. Zuriak ez omen dabiltza fin. Nahiz eta Vallecasen gorriak eta bi ikusi, esan diezaiotela hori Sevillari; 7-3 (ezohiko emaitza) hartu zuten mendean Emeryren taldea.
Realak asteartean, fisikoki, leher eginda amaitu zuen. Baita Manchesterreko ordezkoak ere. Partida amaitu ostean hogei minutuz korrika aritu baitziren Anoetan. Eta nola gainera! Segurtasun neurriengatik, zale ingelesak estadiotik noiz irtengo zain kantu kantari zeundela, partida jokatu ez zuten jokalariek izerdia majo bota zuten; korrika saio azkarrak… Denak nekatuta amaitu zuten partida; baita harmailetan zeundenak ere. Denek eman zuten guztia. Eta esfortzuak bere saria izan zuen: puntu bat.
Jokalari txuri-urdinen egoera fisikoa oso garrantzitsua izango da bihar Etxe Zurian. Arrasatek egin dituen txandaketak –Ligako azken hiru partidetan hiru hamaikako ezberdin– ez zaizkio batere gaizki irten –ausarta izan da, Osasunaren aurkako partidan batik bat–, eta jakin-mina dago bihar zein jokalari zelairatuko dituen jakiteko. Plaza zail bezain erakargarria.
Tartean bi jokalari txuri-urdin ohi zurien artaldean: Xabi Alonso eta Illarramendi. Badu norgehiagokak xarma berezia. Sanson eta Dalilaren rolean zein taldek zein pertsonaia antzeztuko du? Ilea, zurituko al da? Edota esaerak dion bezala orrazi bikaina baina ilerik ez?