Jon Odriozola: 'Pantaila aurrean'
Jon Odriozola, Kazetaria
Sanchez Pizjuaneko filma bere orduan hasi zen. Aktore –jokalari– onak zelai gainean, eta etorkizun handiko bi entrenatzaile gipuzkoar zuzendari. Gidoia. Realaren area-ertzean falta, eta Zubikarairen geldiketa bikaina; Choryren erdiraketa loratua, zutoinera; Sevillaren, gola. Beste behin markagailuan atzetik. Andaluziarrak aurrea hartu ondoren, partida lokartzen hasi ziren. Eta Reala ezinean. Ezin asmatu aritu zen. Sevillarrek atzean ondo eutsi zioten; oso gutxi arriskatuz eta lorturiko golari mozkina atereaz.
Txuri-urdinek, lehen zatiaren amaiera arte ez zuen paseetan askorik asmatu. Faltetan ere ez; erdiraketa gehienak, ustelak. Eta dinamika honetan, epaileak, Mateuk zera esan zuen: «Denak aldageletara!». Pelikula ez nuen gogoko, baina bukaera arte geratu nintzen, noski. «Imajina ezazu pertsona bat bere etxeko sofarik gustukoenean eserita. Bere azpian lehertzeko zorian dagoen lehergailu bat du. Berak ez daki, baina publikoak bai. Hori, suspentsea da» (Alfred Hitchock).
Choryk gola egiteko aukera izan zuen filmaren bigarren zatia hasi orduko; langile dabil uruguaitarra. Reala nagusi lehen txanpan; Betoren gelditua. Txartel hori dantza: Sevillako jokalari dezentek jaso zuten zigorra.
Emeryren mutilek, jendearen zalapartaren laguntzaz, aurrera egin zuten. Zubikarairen bigarren geldiketa bikaina. Arrasatek txamarra kendu zuen; trabak pilatzen zihoazen.
Andaluziarrak berriz ere, jokoan nagusi. Reala ezinean. Galduta. Partidako azken txanpan, Sevillak bigarren gola eskura izan zuen pare bat aldiz, eta asteazken egunaren azken arnasean, beste porrot bat. Bi jarraian. «Film hau ikusia dut», pentsatu zuen bat baino gehiagok. Jendea burumakur irten zen aretotik (taberna).
Igandean beste film bat; seigarrena. Oraingoan Valentziako aktoreak –jokalariak– izango dituzte aurrez aurre txuri-urdinek. Eta suspentsezko filma bat izango delakoan nago.
Fans-ek ez dute hutsik egingo, baina orain artean baino gidoi hobea eskaini beharko zaie euren eserlekuetan jarrai dezaten.
Orain artean ikusitakoak zalantzak sorrarazten ditu, baina igandean itxura –garaipena, noski– on bat eskainiz gero, dena aldatu daiteke. «Jendeak ahalik eta gehien sufriarazteko ahaleginak egiten ditut» (Alfred Hitchock).
Ni, berriz, sufritu eta irabaztearekin konformatzen naiz.