Jon Odriozola: 'Tontorrerantz'
Jon Odriozola, kazetaria
Denboraldiaren lehen erdia amaitu, eta urtarrileko aldapan, Ligako bigarren zatiari helduko dio igandean Realak. Vila-realeko Dragon Khanaren ondoren, txapelketak ez du geldialdirik egiten. Ligaren horma aurrez aurre dute txuri-urdinek. Ez da pareta samurra izango nahiz eta orain arteko zeharkaldia, ekaitz batzuk salbu, primerakoa izan den.
Reala aspaldi hasi zen ibiltzen; baita atzerrian barrena ere. Inguruko arerioek baino partida gehiago jokatu arren –inork ez diezagula Txapeldunen Ligan jokatu izanaren plazerra ahaztarazi– Reala bere gaina lortzetik, oso gertu dago. Ez zaio sherparik –zalegoa– faltako hauspoari buelta eman ezinik ibiltzen denean. Horiek ez dute hutsik egiten.
Oraindik itzuli oso bat falta da. Urtarrilaren amaierako eta otsaileko enbatek –emaitzek– etorkizuneko helbururanzko bidea adieraziko dute ziurrenik. Txuri-urdinak, otsaila bitartean, Elx, Atl. Madril, Levante, Malaga eta Bartzelonaren aurka lehiatuko dira. Denetarik.
Igande eguerdian, pintxo artean, Getaferen aurkako dema jokatuko dute. Luis Garciaren taldeak ibilbide bitxia egin du orain arte; gorabeheratsua. Laugarren jardunaldira arte ez zuen partidarik irabazi. Handik lasterrera, lau partida erdietsi zituen jarraian. Eta azken lau jardunaldietan ez du norgehiagoka bat bera ere patrikaratu; beste hainbeste porrot. Sailkapenaren erdialdean dago Getafe; Europatik bederatzi puntuetara, eta amildegitik, zazpira. Era honetako taldeen aurrean, kiniela bat egin, eta asmatzea, ez da batere erraza izaten.
Partida amaitzean mahai aurrean jarriko gara, eta hiriko hamaika bazterretan danbor hotsak are entzuten hastean, Koliseoan ikusirikoaz mintzatzeaz gain, iazko San Sebastian bezperako partida etorriko zaigu gogora. Handia izan zen. Anoetan, Bartzelona mendean hartu zuten txuri-urdinek (3-2). Emaitza biribila.
Orain beste erronka bat dator. Igande eguerdian emaitza duin bat lortzeak sendotasuna emango dio taldeari. Baita zaleei ere; Ligako azken partidak jokoz kanpo utzi baitzuen. Eta nor ez. Lagun batek dion bezala, «astelehenak ez baitira onak inorentzat». Hil bukaera, eta otsaila duina eginez gero, taldearekin ez dugu batere gaizki pasako. Mendiaz gozatzeko ez da zortzi milakorik egin behar; bakoitzak badaki zein diren bere mugak. Jarrai dezagun gure bidetik.