Jon Odriozola: 'Txotx!'
Jon Odriozola; Kazetaria.
Sagardotegi denboraldian murgildu gara. Familia edo lagun giroan izango dugu aukerarik txotx denboraldiaz gozatzeko. Eta trago sortaren artean, ziur, Reala izango dugula hamaika hizketaldietako gai. Trago batetik bestera, apustu bat edo beste ere egingo dugu; askotan, zein baino zein xelebreagoak. Tita batean ahazten direnak; batik bat dema galduz gero.
Badira urteak sagardoa nola edan behar den aditu bati entzun niola: ‘gutxi eta maiz’. Hau da, basoa ez dela leporaino bete behar. Trago motzak edanez gero, sagardoaz gehiago gozatzen omen da. A, eta noski, edateaz gain jatea ere komeni da sagar zukua aitaren batean burura igo ez dadin.ç
Ligako bigarren itzuliari ekin orduko, hasi gara edalontzia edo botilaren egoeraz mintzatzen. Erdi betea, edo erdi hutsa ote dagoen, alegia. Astelehenean, tarteka joaten naizen taberna batera sartu orduko, bertako nagusiak zera esan zidan. «Ez duzu sinetsiko zer gertatu zaidan gaur goizean. Egunkaria irakurtzera etortzen den bezero batek, ez dit ba esan, hizkera goibel samarrean, azken bi partidetan Realari zortzi gol sartu dizkiotela! Harrituta geratu naiz. Azken urteotako lehen itzulirik bikainena egin, eta azken bi partidetako golei begira, alajaina. Hemendik ez oso urruti, ziur, Europan barrena auskalo nora joateko hegazkin txartela ateratzen ariko liratekeela jada. Ez da gu ulertuko gaituenik sortu!».
Botila edo basoaren kontura itzuliz, Realari dagokionez, pozik egoteko moduan gaudelakoan nago. Nahiz eta Real Madrilen aurka bi partidetan emaitza bereko porrota pairatu, eta kopan, Bartzelonan, bost jaso, ez dut uste etsipenari lekurik egin behar diogunik inondik inora. Partida askotan gozatu dugu, eta gogotsu heldu behar diogu bigarren itzuliari. Ez da erraza izango. Arerioek are errespetu handiagoz begiratu eta jokatuko diote talde txuri-urdinari aurrerantzean, eta lehia batzuk aurrera ateratzea ez da samurra izango.
Sagardoa nola edan behar den hausnarketara itzuliz, lagun batek esandakoa ez zait berehalakoan ahaztuko. ‘Gutxi eta maiz’ beharrean, berak, ‘asko eta beti’ ateraldia defendatzen du. Ea bigarren itzulia norabide berekoa den. Hau da, garaipen ‘asko, eta beti’. Orduan bai botilak eta bai edalontziak gogotsu hustuko ditugu sagardoarekin, edo dena