Jone Forcadaren egunkari ezkutua
Urriaren 17an, Jone Forcada zendu zen.
1950eko hamarkadan bere ikaslea izan nintzen Donostiako kaiko Portu kaleko 1 zenbakiko etxebizitzaren lehenengo solairuan. Gelak ez zituen hogei metro koadro eta ikasleak ez ginen izango dozena bat mukitsu baino gehiago.
Garai hartako ikastola guztiak xumeak izanik, Jone Forcadarena apalena eta umilena zen. Ausartzen ziren Donostiako familia euskaltzaleek euren umeak Elbira Zipitriaren ikastolara eramaten zituzten. Elbira andereñoaren ikastola nolabait kontsolidatua zegoen, gaur egun hori esateak txantxa krudela badirudi ere. Jone Forcadaren ikastola, ordea, jaioberri ahul bat zen. Jone andereñoaren lana itzela izan zen berarekin zeukan talde narras eta axolagabeak euskal kantak, hizkiak eta zenbakiak ikas zitzan; agian, kristau ikasbidea ere.
Baina, aitortu behar dut: ikastola pobre baina ausart horretaz, Jone Forcada zein ederra zen oroitzen dut biziki. Orduan, 7-8 urte nituelarik, emakumearen edertasuna deskubritu nuen.
Hurrengo urtetan, nerabetasunean, ez nuen Jone Forcadaren berririk izan. Zehatza izateko, ez nuen berri zuzenik izan; baina bai berri inplizituak, berri ezkutuak. Derrigorrez Alvarez Enparantzaren (oraindik ez zen Txillardegi) erbestearen kronika datorkit burura. Adibidez, Bruselan ingeniari gisa egiturak kalkulatzen lan egiten zuenekoan eta bertan pasatzen zuen hotza, fisikoa eta gogoarena. Eta Jone Forcada gure andereño ohiak ere hotza eta hoztasuna pasatzen zituen; orain, hori gogoratu behar da.
«Tamalez, ez nintzaion inoiz hurbildu [Jone Forcadari] esateko bere ikastolako lehenengoetako umea izan nintzela eta nire fundamentuzko euskara berarekin ikasi nuela; ez nintzen atrebitu»
Oroitzen naiz ere gure aitak, solemnitatez, Txillardegiren erbesteaz zerbait adierazgarria esan zigunean: “Dagoeneko, Alvarez Enparantza hamalau etxebizitza diferentetan bizi izan da”.
Baina nola utzi alde batera Jone Forcadak etxebizitza aldaketa eta joan-etorri latz horietan ardura nagusia hartuko zuela?
Alvarez Enparantzaren erbestearen kronika horretan, ez zen falta izan deserrotzearen beldurra. Atsekabetasunez kontatuko zuen Txillardegik nola entzun zion bere ume bati bere anaiari “Tu est vilain” esaten ziola.
Eta Jone Forcadaren atsekabea eta tristura ez ziren bada bere senarrarenak baino gutxiago izango.
Azken urteotan, Parte Zaharrean edo euskal ekitaldiren batean edo bestean ikusten nuen, gogotsu, eder eta duin. Tamalez, ez nintzaion inoiz hurbildu esateko bere ikastolako lehenengoetako umea izan nintzela eta nire fundamentuzko euskara berarekin ikasi nuela; ez nintzen atrebitu. Nire errespetua berekiko handiegia zen.


