Jose Angel Ascunce, abentura baten amaiera
Joan den otsailaren bostean, Jose Angel Ascunce Arrietak (Donostia, 1946-2020), ikertzaile nekaezinak eta Hamaika Bide Elkartearen sortzaileak, utzi gintuen. Hamaika Bide euskal erbestealdien kulturak eta identitateak berreskuratzea helburutzat duen erakundea da, batez ere Espainiako Gerra Zibilaren ondorengo erbestea.
Jose Angel Ascunce zazpi urte aritu zen gaixotasunaren aurka. Denbora horretan ez zuen bere lana baztertu. Kixoteari buruz, Espainiako poesia garaikideaz edo erbesteaz espezialista handia zena lanean bete-betean joan zaigu; berriro ere, bere bitalismoaren eta erresistentziaren lezioa eman digu. Nahiz eta izan zituen tratamendu gogorrak eta berriz gaixotzeak, inoiz ez zion idazteari eta ekimenak antolatzeari utzi. Hamaika Bide Elkartearen presidentea izan zen iazko abendu arte eta horrek ondo asko erakusten du bere borondatearen indarra. Hori guztia gutxi izango balitz, Deustuko Unibertsitatearen irakasle urte asko izan zen eta humanista askoren hezitzailea izan zen. Ez da gutxi batez ere kontutan hartzen badugu gure herriaren errealitatea non, antza, bakarrik etekinak ematen dituen zientzia eta teknologia interesatzen dute. Gehiago esango dugu: gurean pentsamendua, kultura ikerketa, ez daude ondo ikusita eta destainaz tratatuak izaten dira sarritan. Horrela ikusita, Ascunceren inguruko interes eza hobeto uler daiteke.
Bere espiritu irekia eta dogma guztien aurkakoa zenez, ideologian inorekin lotzen ez zenez, agian horregatik bizitzan inoiz ez zuen inongo aitorpen publikorik ezagutu. Salbuespen bakarra lan egin zuen unibertsitatearen katedratiko emerituaren izendapena izan zen. Besterik ez. Ascuncerentzat, talde espezializatuen kanpo, inoiz ez ziren ohorezko aipamenik egin.
Ixilik joan zaigu Ascunce, berarengan ohikoa zen moduan. Hala ere, ezin dugu ahaztu berari esker gure kulturaren izen handik batzuk oraindik-orain bizirik irauten dute; hori da, adibidez, Ernestina de Champourcin, Eugenio Imaz edo Cecilia Garcia Guilarteren kasuak. Teoriko eta kritiko literario gisa, bestetik, bere ibilbide oparoan oso ideologia desberdinetako egileen lanak aztertu zituen: Bernardo Atxaga, Leon Felipe, Miguel de Cervantes, Raul Guerra Garrido, Alfonso Sastre, Manuel Vazquez Montalban edo Blas de Otero, nahiz eta oso ideologia desberdinetakoak, batzuetan aurkariak, izan. Ezin dugu ahaztu ere argitalpenen munduan burutu zituen lanak, lehendabizi bere izenean, ondoren Saturraran argitaletxea sortuz. Halaber, hamarnaka nazioarteko batzarrak bultzatu zituen eta baieztapen hau ez da gehiegikeria, benetako datua baizik.
Manuel Aznar Soler ikerlariak esan duen moduan, Machadoren zentzuan gizon ona zen pertsona utzi gaitu. Instituzioen axolagabekeriarekin desagertu da. Politikarientzako aurrekontuak eta hauteskunde aurrerapenak dira interesa merezi dituzten gaiak, ez intelektual baten desagerpena. Kontua larriagoa da Ascunce Donostiako Udalaren Oroimen Historikoaren Kontseiluko partaidea zela esaten badugu; momentuz behintzat ez dute ezer esan. Agian salbuespen bakarra Donostiako liburutegi bat izan da, non apalategi txiki batean bere liburu batzuk eta argazkia jarri duten. Omenaldi xumea baina sakona.
Jose Angel, zure oroimena eta zure abentura intelektualaren emaitzak gelditzen zaizkigu. Datozen asteetan zuri eskainitako omenaldia prestatuko dugu eta han zure lanaren alderdi desberdinak azalduko ditugu. Garcia Lorcaren hitzekin “belar izpi moduz airetik jarraitzen zaitugu”. Besarkada bat. Betiko arte, laguna.
Sinatzen dute:
Monica Buxeda Mas, Josu Chueca, Rebeca Gomez, Ana Maria Izaskun Ruiz de Guilarte, Mari Karmen Gil eta Jose Ramon Zabala (Hamaika Bide Elkartea).