Jose Migel Zumalabe, euskara ardatz izan zuen matematikari eta margolaria
Jose Migel Zumalabe Mendiburu donostiarraren izena izango du Loiola auzoko kale batek, udalak hartutako erabakiaren ondorioz. Merezimendu osoz, nire iritziz.
Gertuko pertsona izan zen niretzat eta urteek ematen duten perspektibaz baliatuz, esan dezaket ezagutu dudan gizakirik inteligente eta atseginenetakoa izan zela. Baita dotorea ere, hitzaren zentzu zabalenean.
Euskara izan zuen ardatz Jose Migel Zumalaberen bizitzak. Famili gizon eredugarria, sendo ezarri zuen euskararekiko grina Koro alabarengan eta Jose Migel semearengan, azken hau Egunkaria-ren sortzailea.
Zumalaberen euskaltzaletasuna bi hitzetan azaldu daiteke: aktibismoa eta pragmatismoa. Ez zuen asko hitz egiten euskarari buruz, baina beti prest agertzen zen asmoz eta jakitez gure hizkuntzaren eremu latzean zerbait sortzeko. Hainbat jardueraren artean, bi aipatuko ditut: batxilergoko lehenengo euskal ikastetxearen (Santo Tomas Lizeoa, 1961) sortzaile eta funtsezko egilea eta 1960ko hamarkadan Andereñoen Erresidentziaren bultzatzailea. Azken honen bitartez, ehunka irakasle euskaldunek (andereñoak) formazio berezia jaso ahal izan zuten, zetorren ikastolen legalizazioaren aurrean. Anekdota interesagarri eta esanguratsua agertzen da Santo Tomas Lizeoaren hastapenetan. Legalizazioa zela eta ministerioaren inspektore baten bisita aurreikusia zegoenez, Zumalabek, nola ez, bere burua eskaini zuen harrera egiteko. Inspekzioa aurrera zihoala, halako batean, ikuskatzailea kartel batzuk euskaraz zeudela ohartu zen, baita horretaz galdetu ere. Zumalabek, bere pertsuasio guztia erabiliz, sano regionalismo eta horrelako topikoetara jo zuen, halabeharrez. Zorionez, ez zuen asko behar izan: inspektoreak oso ondo iruditzen zitzaiola, bera valentziarra zela eta seme-alabekin beti valentzieraz egiten zuela esan zion. Gizon hori Zumalaberi egokitu zitzaion perla isolatu bat izan zen.
«Zumalaberen euskaltzaletasuna bi hitzetan azaldu daiteke: aktibismoa eta pragmatismoa»
Jose Migel Zumalabe matematikaria zen izatez, bai eta pintorea bokazioz eta aparejadorea ogibidez ere. Beti nolabaiteko espiritu kartesiarrarekin, alegia, errealitatea onartuz eta berau aldatzeko prestatuz. Donostian 1950-60ko hamarkadetan izan zen giro artistikoan murgildu eta bertan izan ziren tertulietan parte hartu zuen. Bada garai hartako pasadizo bat, nik gazteetan entzun nuena. Ageri denez, Jorge Oteizak (Zumalabek miresten zuen) bazeraman etengabe tertulietan hiperboloideaz gora eta behera hitz potoloekin berban. Zumalabe (matematikaria beti) apur bat aspertuta zegoen Oteizaren perorata horiekin eta hara nola galdetu zion, «On Jorge, zu hiperboloideaz ari zarenean, zertaz ari zara, hiperboloide hiperbolikoei buruz ala eliptikoei buruz?». Oteizak bere harridura erakutsi zuen bi hiperboloide mota zeudela jakitean. Jose Migel Zumalabek errealitate matematikoa bere lekuan jarri nahi izan zuen; baina inongo harrotasunik gabe, ez baitzuen handimandikeriaren izpirik txikiena ere.