'Justizia eskatu nahi duen amona baten egonezina'
Atsekabeturik nago. Orain dela 43 urte lan-eskaintza bategatik Altsasura bizitzera joan ginen gure hiru eta lau urteko seme-alabekin. Bizitza han egin genuen, eta gure seme alabak Altsasun hazi ziren; seme-alabak ez ezik gure biloba ere bertan hazi eta hezi da. Orain gure bilobarengatik dugu egonezin handia.
Jakinen duzuen bezala Altsasuko ferietako bezperan, goizaldeko bostetan taberna batean kaleko jantzitako bi guardia zibilekin eta euren neska-lagunekin izan zen liskar bat –bide batez, esan nahi nuke ez zela gertatu behar ez inoiz, ez inolaz ere–. Gertakari horrengatik Altsasuko hainbat gazte auzipetuak izan dira, eta horietako bat gure etxekoa da. Hiru gaztek urte bete eta hiru hilabete daramate badaezpadako kartzelaldian, eta beste bost, kanpoan daude epaiketaren zain. Zazpi gazterentzat 50na kartzela-urte eskatzen du fiskaliak eta 12 urte erdi beste batentzat. Terrorismo delitua leporatzen diete eta guztira 375 urte eskatzen dituzte zortzi gazteentzat.
Gertakari hartatik denbora asko pasatu den arren, ez dut ulertzen nola eska dezaketen halako urte pila gazte horietako bakoitzarentzat. Hamar gazteen etorkizuna eta bizitza arriskuan daude; izan ere eskatutakoa aurrera aterako balitz, betirako despeditu beharko nintzatekeen nire biloba Jonanez, eta ez nukeen ikusiko nola eginen zukeen bere bizitza, zer ikasketa eginen lituzkeen, nolako familia osatuko lukeen. Honetan pentsatzen dudan aldiro nire bizitzak zentzua galtzen du.
Beldur naiz baina ez naiz koldarra. Justizia da eskatzen dudana; baita errugabetasun eta berdintasun prinzipioak baita proportzionaltasuna errespetatzea ere. Altsasuko kasua ezagutzera emateko hainbat irteera eginen dira otsailaren 24tik martxoaren 25era bitartean Nafarroako hainbat eskualdetan barrena. Epaiketa, berriz, apirilaren 16tik 27ra bitartean izango da Madrilgo Auzitegi Nazionalean. Eta, horren aurretik, apirilaren 14an, larunbatarekin, atsaldeko 17:30ean abiatuko den manifestazioa egingo da Iruñean. Guztiak ongi etorriak izanen zarete.
Ziur naiz guztion artean lortuko dugula. Eskerrik asko!
Milagros Salgado Arteaga (Gros)