Justizia feminista eta komunitatea
Duela hilabete inguru, Foro Sozialak antolatutako justizia feministaren inguruko jardunaldietan parte hartu genuen Bilbon. Kontzeptu potolo bezain konplexuari heltzen saiatu ginen, antzematen ari garenetik eta eraldatu nahi dugunetik kontu ugari landu genituen: justizia patriarkal eta zigortzaileari egindako kritika feminista, testigantzen balioa, biktima izaera eta rola prozesuetan, errestaurazio justizia, birgizarteratzea, ez errepikatzeko bermeak, komunitatearen rola gatazken kudeaketan… Sententzia judizial entzutetsuen biharamunean, gogora ekarri beharreko gogoetak dira bertan entzundakoak.
Egindako bidetik ikasteko eta kontakizun ezberdinak aintzat hartzeko helburuarekin, herrigintzako hainbat esperientzien artean gurea partekatzeko aukera izan genuen jardunaldien arratsalde partean: eraso matxisten inguruko tresna eta adostasunen beharretik prozesu kolektibo bat abiatu genuen fundazioan. Indarkeria matxistei aurre egin, gaiaren inguruan eztabaidatu eta euskarri bat sortzea gure azken urteotako lehentasun bat izan da, eta ez da ez erronka makala eztabaida bat ireki ostean adostasunei heldu eta itxiera ematea. Bizpahiru urte hauetan bizitakoa oso aberasgarria izan da gure ikuspegiak berrikusteko, prebentziorako, bizitako esperientzien argi-ilunak beste leku batzuetan partekatzeko, eraso matxisten kontrako tresnak sortzeko, gure kolektiboaren rola eta ardura zein den pentsatzeko…
Justizia eredua eraldatu nahi badugu, komunitatean ematen ari diren praktikei heltzea kontu garrantzitsua dela iruditzen zaigu. Ildo honetan, hainbatetan jaso ditugun kezkak izan dira honako hauek: sistema judizialetik hatarago zein da komunitatearen eta herrigintzako talde antolatuen ardura? Zeri deitzen diogu prebentzioa? Noraino da gure ardura eraso matxisten kudeaketaren ondorioak kudeatzea? Zein izan beharko litzateke gure inplikazioa? Zeintzuk dira gure gaitasunak eta baliabideak? Erreparazioa, osatzea… nola eta nork sostengatu behar ditu?
Gure ibilbide xume honetan atera dugun irakaspen bat izan da, indarkeria matxistei aurre egiteko prozesuak ez direla protokolo kontua bakarrik. Kudeaketa eta eztabaida deserosoetan sartzea ere dakarte. Baina, honelako prozesu eta kudeaketak zama gisa bizi ohi ditugun arren, feminismoa barneratzeko, justizia eredua eraldatzeko eta aldaketa errealak planteatzeko aukera ere badirela sinetsi behar dugu. Bakoitzak bere eremuan eta ahal den modu onenean, gure praktiken inguruan gogoetatzea eta baliabide zein babesgune propioak sortzea ere badira justizia feminista (eta herrikoi) baten oinarriak.