Justizia
Epaileek agintzen duten jendartea ala herritarrek agintzen dutena? Galdera hau egiten dut duela gutxi Gipuzkoako tabernarien elkarteak epaile batengandik lortu zuelako euren negozioak irekitzeko baimena izatea Eusko Jaurlaritzak duen pandemia kudeatzeko LABI izena duen erakundearen gainetik.
Historian zehar izan dira epaileek agindu duten garaiak munduan zehar. Hortik dator Kritarkeia izana, hau da, epaileen gobernua. Baina, Grezia klasikoan epaileak herritarrek aukeratzen zituzten eta hortik dator gure demokraziaren oinarria.
Gurera etorrita, gaur egun, bizi dugunari begiratzen diogunean ez dakit zer esan. Izan ere, ezagutzen dugun justiziak ez du demokrazian oinarrituta dagoenaren itxurarik.
Gabriel Arestik badu poesia ezagun bat: Nire aitaren etxea defendituko dut. Poema horretan beste gauzen artean dio… otsoen kontra, sikatearen kontra, lukurreriaren kontra, justiziaren kontra, defenditu eginen dut nire aitaren etxea… G. Arestik zerbait esanahi zuen poema hau egin zuenean. Oso gogorra da esaten duena. Ordea, ikusita ikusi duguna eta ikusten ari garena, urrutira joan gabe Altsasuko gazteei egindakoa eta, oro har, egiten ari direna. Ikusita Espainiako Auzitegi Nazionalak eta Botere Judizialaren Kontseilu Orokorrak nola jokatzen duten, zer esan?
Beldurgarria da aginte horren pean erortzea, eta asko eta asko izan gara beldur hori jasan dugunak. Orain ere, orain dela 40 edo 50 urte bezala, kartzelak txiroz beteta daude. Jende aberatsa bakanak dira eta horrez gain, epe laburrean egoten dira.
Badirudi orain gauzak aldatzen ari direla, onerako, alegia. Agian, egunen batean orain salbuespenak diren epaile bakanak gehiengoa izango dira eta Arestiri esango diogu poesiaren ahapaldi hori soberan dagoela. Agian beste herri batzuek egin duten bezala, geuk ere egin ahal izango dugu, geure justizia propioa egin, non orain diogun beldur hori galduko diogun.
Testu hau amaitzen ari naizela Martxelo Otamendik martxoaren 2an idatzitako zutabearen amaieran hau dio: «Premiazkoa da botere judizial propioa edukitzea, herritarrek aukeratutako legebiltzar batek adostu dituen adierazpenak errespetatuko dituena, epaile eta fiskal propioak izendatuko dituena eta gizarte moderno baten zerbitzura lan egingo duena». Kataluniaz ari da , baina, Euskal Herriaz ari zitekeen.