Kaiko arrapala ez pribatizatu!
Alde Zaharreko eta kaiko bizilagunok haserre gaude moilako arrapala pribatizatu egin dutela ikusita.
Gure auzoan, bai kaian, bai gainontzeko kale eta plazetan jasan dugun pribatizazio eta kolonizazio prozesuaren azken kapitulua da arrapalarena.
Urtean zehar, baina bereziki udan, auzotarron bizi baldintzak ikaragarri okertzen dira. Izan ere, masifikazio turistikoaren ondorioak jasanezinak egiten ari diren honetan, leku guztietatik bota egin gaituztela sentitzen dugu. Ez dago auzotarrentzat tokirik; auzoan negozioa kosta ahala kosta egin nahi dutenen eskuetan jarri zen aspaldi, eta, gaur egun, ez dirudi instituzioek asmorik dutenik eragindako kalteak zuzentzen hasteko.
Arrapalaren itxiera edo pribatizazioa da azken kapitulua, bai.
Kaiak azken urteotan jasan duen etengabeko pribatizazioaren azken ginga. Turistentzako txalupak nonahi, ez dago bainatzerik, ez «Perrita» egiterik eta orain ez arrapalan bainatzerik ere.
Alde Zaharreko bizilagunontzat toki hauxe da udan geratzen den arnasgune txikietako bat. Bertan elkartzen da makina bat haur, familia nahiz heldu, eguneko bainua hartzeko eta aisialdiaz gozatzeko.
Zerak asaldatzen gaitu, sarrera debekatzen zaigun bitartean zabalik izango dela bestelako jarduerak aurrera eramateko: bela ikastaroak; uretako motoenak, arraun surfa, piragua eta abarren alokairua…
Asko eta asko negozio pribatuak dira eta interes publikoen gainetik lehenetsi dira, berriz ere. Auzotarrok arrapalan bainatzerik ez dugun bitartean, hortxe ibiliko dira gora eta behera orduko hainbeste ordaindu duten turistak. Hori al da aisialdia eta espazio publikoaren bidezko erabilera bermatuko dituen hiri eredua? Alegia, hori al da bertakoen nahiz kanpokoen eskubideak errespetatuko dituen hiri baten eredua?
Egoera hau salatzeko, gaur, uztailak 29, arratsaldeko 19:00etan, arrapalan bertan, kontzentrazio bat egitera dei egin dugu auzoko hainbat eragilek.
Guk garbi dugu honela, bertako bizilagunok espazio publikoaz gozatzeko dugun eskubidea zapaldu egin dela eta horregatik, arrapalan jartzen hasi diren hesia lehenbailehen kentzeko eskatzen dugu.