Kalapie haserre Astiñeneko zubiarekin: "Mugikortasun aktiboa ez da serio hartzen"
Joan den azaroaren 24an inauguratu zen Loiola eta Egia auzoak lotzen dituen Astiñeneko zubi berria. Pisu handiko gertakaria da, hiriko gune oso populatuak erdigunearekin lotzen baititu. Kalapietik, ohi bezala, proiektuaren atzean egon gara obrak egin bitartean. Proiektuaren planoak eskatu ditugu eta mugikortasuneko sailari gure ekarpenak helarazi dizkiogu. Beraz, proiektu hau amaituta ikusteko ikusmin handia genuen. Abenduan, ordea, proiektua ikustera hurbildu ginenean, espaloia eta ustezko bidegorria amaitu gabe zeudela ikusi genuen.
Urtarrilean, itxaronaldia zela eta kezkatuta, udalarekin harremanetan jartzea erabaki genuen. Jaso genuen erantzuna espaloi eta bidegorria otsailean amaituko zirela izan zen. Azkenik, denbora askoren ostean, joan den astean, autoentzako ireki eta ia sei hilabete pasa ondoren, oinezkoentzako eta txirrindularientzako pasabidea osatu da.
Kalapietik, Gobernu honek oinezkoen eta txirrindularien alde duen ustezko lehentasuna leku onean uzten ez duten epeez gain, zubiaren azken emaitzagatik dezepzionatuta gaudela esan behar dugu. Uste dugu azken diseinua deserosoa dela mugikortasun aktiborako, eta erraztasun handiagoak ematen dizkiola autoen trafikoari, justu kontrakoa egiteko lanean egon beharko genukeen une honetan.
Zehazki, zubia aztertu eta Egia Bizirik Auzo Elkartearekin kontsultatu ostean, zubiaren diseinuak honako gabezia hauek dituela ikusi dugu:
- Ibaian zeharreko oinezkoen eta bizikleten zirkulazioa deserosoagoa bilakatu da; izan ere, orain, Loiolako ibaiaren aldetik ibilbidea egiterakoan, oinez edo bizikletan, bi galtzada gurutzatu behar dira, bat gurutzatu beharrean, eta trazadura ez da zuzena, lehen bezala.
- Bizikleta ibilbidea ez da oso argia. Seinale bat jarri da Ur Kirolaketik hurbilen dagoen zubiaren aldea txirrindularientzat bakarrik dela adierazteko, baina zoruaren diseinua bera da zubiaren bi aldeetan, eta ez dago inolako pinturarik edo seinale horizontalik. Hau dela-eta, diseinua nahasia da eta arrisku egoerak sortzen ditu. Oinezko asko ikusten ari gara jada zubia zeharkatzen txirrindularientzat.
- Oinezkoen joan-etorria nahastea. Oinezkoek bi galtzada gurutzatu behar dituzte Loiolatik datozenean ere, eta zubia Egiarantz zeharkatzeko kontra intuitiboa den ibilbide bat egin behar dute. Gehienek bidegorriaren zubiko aldean sartzea aukeratzen dute. Ibilbide hori intuitiboagoa da, baina araudia eskuan izanda, debekatuta dago oinezkoentzat.
- Autoen trafikoaren abiadura handitu egin da aurreko zubiaren aldean. Zubiaren diseinuari esker, autoek azkarrago zirkulatu ahal izango dute.
- Galtzadaren bidegurutzean botoi semaforo bat jarri da berriro. Obrek iraun bitartean, berariaz eskatu genuen horrelako semafororik ez jartzeko. Sistema mota honen aurka gaude, oinezkoen eta txirrindularien gainetik autoen joan etorria lehenesten duelako.
- Egiara igotzeko bizikleten tartea amaitu gabe dago eta ez dago loturarik Egia kaleko bidegorriarekin. Jakin badakigu udalak egiteko bat aurreikusi duela tarte horretan, baina kezkatzen gaitu egoera betikotzeak, aurretik hiriko beste leku batzuetan ikusi dugun bezala.
- Egiatik bizikletan jaistean, oso arriskutsua da galtzadatik (aukera bakarra Egiako gainean) bidegorrira sartzea Loiolarako bidean. Gaur egungo diseinuarekin bizikletaz doan pertsona batek ez du inoiz zubia bidegorritik zeharkatuko Egiatik jaistean.
Laburbilduz, zubi berriaren diseinua oso eskasa da, eta agerian uzten du denbora dezente ikusten daramagun gertaera bat: mugikortasun aktiboa ez da serio hartzen, eta ez zaio behar besteko garrantzirik ematen oinez eta bizikletaz mugitzea bultzatzen eta erosoago egiten duten kalitatezko diseinuak sortzeari. Behin eta berriz aurkitzen ditugu diseinu pobreak dituzten adibideak, oinez joatea edo bizikletaz ibiltzea atseginagoak izan daitezen sustatzen laguntzen ez duten ezaugarriekin: estutasunak, ezinezko birak, errebajeak, gatazka-puntuak, diseinu deseroso eta ez-seguruak, egoera txarrean dagoen zorua, galtzadarekiko distantzia txikia, semaforizazio kaltegarria, etab. Kalapietik pentsatzen dugu egoera honi buelta bat eman behar diogula, oinezkoek eta txirrindulariek askoz gehiago merezi baitugu.
Era berean, gobernu honek izan duen mugikortasuna kudeatzeko modua irauli behar dela uste dugu; izan ere, ikusten dugu bizikleta eta mugikortasun aktiboko beste mugikortasunak ez direla behar bezala lehenesten. Horren adibide, jarduera askoren atzerapena eta mantentze-lanen utzikeria (Frantzia pasealeku berritua eta Gernika zuhaitza, Bidebietako bidegorriak, 27. poligonoa, bereizteko elementuen instalazioa, etab.); beste jarduketa batzuk, berriz, Marrutxipiko lotunea esaterako, epeen barruan egiten dute aurrera.
Udalaren parte-hartze faltak ere kezkatzen gaitu. Gure elkartea, beste batzuk bezala, alde batera utzia izan da udalaren parte hartze prozesuetan: mugikortasunaren behatokitik kanporatuak izan gara; mugikortasun kontseilua, Kalapie parte dena, ez da deitzen 2021eko apiriletik; eta, oro har, udalak gurekin hitz egiteari utzi dio.
Ezin dugu aipatu gabe utzi gobernu honek covid krisiaren garaian izan zuen anbizio falta, mundu osoko hiriek oinez eta bizikletaz mugitzeko neurri ausartak hartzen zituzten bitartean (bizikletentzako behin-behineko erreiak baliatuz, autoentzako kaleak itxiz, hirigintza taktikoko neurriak, etab.) Donostiako Udalak beste alde batera begiratu zuen eta ez zuen ezer egin Kalapietik egin genituen iradokizun guztiei muzin eginez eta mugikortasun aktiboagoa bultzatzeko urrezko aukera bat galduz
Orain dela gutxi, mugikortasun aktiboaren datu berriek sorpresa desatsegin bat ekarri digute; izan ere, COVID-19ak eskaintzen zigun urrezko aukera eskeini bazen ere, Donostian ez da mugikortasun aktiboan aurrera egin, eta banaketa modaleko ehunekoak jaitsi egin dira covid aurreko balioekin alderatuta. Aldi berean, hirian sartzen diren pertsonen % 68,1 autoz sartzen direla dioten datuak atera dira prentsan, covid aurretik % 46,6 baino ez zirenean. Gainera, bizikleta % 4,5ean kokatzen da, 2024rako mugikortasun iraunkorreko planean planteatzen zen % 12ko helburutik oso urrun. Guk uste dugu emaitza kaskar hauek kudeaketa txarraren eta ikuspegi faltaren ondorio direla.
Beraz, gure ondorioa argia da: gobernu honek ez dio eman mugikortasun aktiboari merezi duen garrantzia eta lehentasuna. Mugikortasun iraunkorrena eta osasungarriena izanik, zalantzarik gabe, lehentasunen zerrendan beste leku bat izan beharko lukeela uste dugu. Hortaz, hurrengo gobernuari eskatzen diogu egoera hau irauli dezala eta berriro jar dezala mugikortasun aktiboa denok nahi eta behar dugun lekuan.