Kale argitsuan, etorkizun iluna
Hartzak euren letargia egoeran babeserako gordelekuan ezkutatzen diren bezala, mantapean gordetzen gara gu ere neguko egun hotzenetan. Arratsalde hotz eta euritsuetan, txokolate-kikara beroa lagun hartuta, atsegina da etxeko epelean sortzen den goxotasuna. Hiri giro hiperturistifikatu hotz zein arrotzetik aldentzeko asmotan, estalpe zurrun eta seguru bat? nork ez du eskertuko!
Neguko urte sasoiarekin batera, aurten ere ate joka ditugu Gabonak. Gure herri zein hirietako kaleak Gabon garaia iragartzen duten argi koloretsuz argiztatu dituzte dagoeneko. Kolore gorriak, maitasuna; berdeak, itxaropena; zuriak, alaitasuna eta fedea; urre-koloreak, oparotasuna; eta zilar koloreak, inozentzia irudikatzen ditu, antza.
Urtero legez, hamaika izango dira aurten ere gai baten inguruko ustezko egi bat sostengatzea xede duten argumentu hutsalez sortutako elkarrizketa intentsuak. Gabon otorduetako menu konpletoa, etxe bakoitzeko testuingurura egokitutako poro tamaina jakineko bahetik iragazitako errezeta: “Oraindik ez dituzu ikasketak amaitu?”, “Noiz aurkeztuko duzu mutila etxean?”, “Ferrero Rocher edo Lindt?”, “Zeinen guapa zauden!”, “Errege-opila esne-gainarekin edo kremarekin nahiago?” eta abar, eta abar.
Bihotza zentzu guztietan lehertzeraino betetzen duten besarkadek, hitzek, malkoek eta irriek ere gure etxeko mahaiak hartuko dituzte. Afektiboki desafio garaia den honetan, zauri zaharrak itxi eta berriak irekiko ditugu, aurretiko bizipenak oroitu eta berriei toki egingo diegu eta, nola ez, aspaldiko lagunekin elkartu eta ez daudenekin oroituko gara.
Orain, neure buruari galdetzen diot, toki bat bere egiteko ilusioarekin eta, aldi berean, inongoa sentitzeko minarekin denak nola biziko dituen egun hauek. Arroztasunaren minean, mehatxuen eta arriskuen eraginpean, hain zaurgarri egiten duen “ez-lekuan”. Kale argitsuan, etorkizuna horren iluna izanik eta etxetik hainbeste kilometrotara, non eta nola topatu, bada, maitasuna, itxaropena, alaitasuna, fedea, oparotasuna eta inozentzia?