Kale egoera eta ikusten ez den beldurra
Duela bizpahiru aste, Kale Gorrian ekimenean parte hartzeko aukera izan nuen. Kale Gorrian Euskal Autonomia Erkidegoan 20.000 biztanletik gorako hirigune guztietan bi urtean behin egiten den zenbaketa da, kale egoeran dauden pertsonen kopurua eguneratzeko. Eta zenbait pista eman zizkigun esperientziak:
Lehena, akaso argiena, kontaketaren emaitza bera: Donostian, gutxienez, 413 pertsonek egiten dute lo kalean. Duela bi urte egindako kontaketan 220 pertsona identifikatu ziren; beraz, bi urtean ia bikoiztu egin da bazterkeriaren aurpegi gordinena jasaten duten herritar kopurua.
Bigarrena, kontaketa hasi baino lehen, bertan ginen boluntarioei antolatzaileek emandako argipena: “Kalean lo egin behar duten pertsonek gero eta leku ezkutuagoak bilatzen dituzte gaua pasatzeko, gutxi dira bistan egoten direnak”. Beldurra sentitzen dute kale egoeran daudenek, eta ezkutatu egin behar izaten dira segurtasun bila. Segurtasun faltaz asko hitz egiten den garaiotan, 413tik gora donostiarrek gauero —baita egunez ere— sentitzen duten beldurra ez da aipatzen, ez da lehen mailakoa.
Eta bitartean, udal gobernuak, segurtasun falta argudiatuta, gauero-gauero 250etik gora afari bero banatzen dituen Kaleko Afari Solidarioen aurka egin du. Urteko egun guztietan, 2020az geroztik, lanean ari den boluntario sare gisa, KASek udalak bete behar lukeen lana egiten du, erabiltzaile askorentzat eguneko otordu bakarra dena banatuz.
«Gizarte zibilak kale egoeran dauden herritarrak artatzeko erakutsi duen konpromisoa eta elkartasuna bermatu behar ditugu erakundeetan, hiri justuago eta integratzaileagoa helburu»
Lehen hotz gauak izan ditugu jada. Eta horrekin batera, hitz egin beharko da La Sirena aterpetxeaz, hotzaren protokoloaz eta udal baliabideen egokitasunaz —edo egokitasun faltaz—. Ordea, gai honek behar du ausardia eta epe luzerako begirada. Eta, zalantzarik gabe, horrek eskatzen du bitartekoak errealitatera egokitzea. Izan ere, Donostian ditugun baliabideek, plazetan eta zerbitzuetan, apenas zabalpenik gabe daramatzate hamar bat urte. Ordea, gizarte arrakala, pobrezia eta kale egoera gorantz doaz abiada handian, baita Donostian ere.
Eta ez gara inozoak: egoera honek konponbiderik izango badu erroko aldaketak aplikatzetik izango da, izan egun Donostian ezinezkoa den etxebizitza sarbidea erraztuz, edota erregularizazio prozesua ia ezinezko egiten duten atzerritartasun politikak aldatuz. Baina, horrekin batera, epe motzeko neurriak ere behar ditugu, ezin gara gelditu “erronka honen irakurketa globalarekin” ase. Donostiak kale egoera artatzeko zerbitzu eredua irauli beharra du, ibiltaritzan oinarritzen den eredutik jarraikorra eta integrala izango den interbentziora. Esan beharrik ez dago, eredua aldatzearekin batera eskarira egokituko den eskaintza behar dugu, baita kopuruetan ere.
Gizarte zibilak kale egoeran dauden herritarrak artatzeko erakutsi duen konpromisoa eta elkartasuna bermatu behar ditugu erakundeetan, hiri justuago eta integratzaileagoa helburu. Horrela bai, inor atzean utziko ez duen Donostia izan gaitezen.