'Kantu jira, esker onez'
Joserra Beloki eta Karlos Serrano (Donostia Kantuz-en izenean)
Donostiako Kantu Jirak 10 urte bete dituela eta, joan den larunbatean 1.000tik gora lagunek, Donostiarrek eta Euskal Herriko leku askotatik etorriek, euskal esanez, doinuz eta kantuz bete zituzten Donostiako kaleak. 1.000 pertsona Parte Zaharreko kaleetan, San Telmoko elizan (denak kabitu ez eta ehunka batzuek kanpotik) kantari: euskal kantuaren eta euskal jendearen festa bat… 10 urte hauetako hileroko Kantu Jira eta larunbateko festa berezi hori ezin izango zen egin jende askoren laguntzarik gabe; larunbatean, festaren zurrunbiloan, ezin izan genuen jende hori eskertu, eta lerro hauen bidez hutsune hori bete nahi genuke, jendetasunak agintzen duenez: Lehenik eta behin eskertu 10 urte hauetan kanta-lagun izan ditugunak: hilero-hilero, eguraldi ona nahiz txarra, guregana bildu diren ehunka lagunak; bai eta ere urte hauetan zehar kolaboratzaile izan ditugunak: Juanjo Estanga eta hainbat trikitilari, Udal Txistularien Banda, Alkarkide txaranga, Hernaniko eta Parte Zaharreko dultzaineruak, Biarritzeko gitarra jotzaileak, Lasarteko Musika Eskola, Juantxo taberna… Bigarrenik, larunbateko Kantu Jira berezia egiten lagun izan ditugunak, Udaleko Donostia Kultura (eta bereziki Festen departamentua), Bagera elkartea, Antza Komunikazio grafikoa, Gipuzkoako Sagardogileen Elkartea (eta bereziki, Petritegi, Lizeaga, Iparragirre eta Izeta sagardotegiak), eta, berriz ere, Hernaniko dultzaineruak eta Juantxo taberna. Eskertu ere, jakina, Donostiatik bertatik eta kanpotik etorritako ehunka lagun guztiak… Mila esker, azken-azkenik, poeta-bertsolari-kantari-musikari zahar eta berriei, bai eta gure aurreko belaunaldiei ere, hitza eta doinua sortu, uztartu eta transmititzeagatik, izan ere “hitzikan gabe (doinurik gabe) esaidazue nola irtengo naizen plazara…”