Kapelaren Ibilbidea: Koloretako San Martin Auzoa eraikitzen
Jadanik jakingo duzun moduan, ekainaren 8an, igandearekin, Kapelaren Ibilbidea hirugarrenez egingo da San Martin auzoan.
Dagoeneko jakingo duzu zer den Kapelaren Ibilbidea, baina ba al dakizu nortzuk garen antolatzaileak? Ba al dakizu San Martin auzoa zer den?
San Martin auzoko hainbat jarduera ekonomikotako (ostalari, merkatari, sanitario…) kideok osatzen dugu Barrio San Martin Auzoa (BSMA) elkartea. Eta BSMA elkartea da antolatzailea. Baina zertarako antolatzen dugu Kapelaren Ibilbidea?
Guretzat, Kapelaren Ibilbidea San Martin auzoa ezagutarazteko eta berpizteko aitzakia da. Elkartea sortu genuenetik, auzoa egiten ari gara. Bertakoen artean eta kanpotik datozenekin konfiantzak, sinergiak eta elkarlanak eratzen ditugu.
Lan honetan ezberdinen arteko elkarlanari garrantzi berezia ematen diogu. Kolorea, aniztasuna eta gertutasuna dira auzoak transmititu nahi dituen balioak. Kolore, genero edo izaera ezberdineko oro eroso sentiaraziko duen auzoa eraikitzen ari gara.
«Zu guztiak etorriko bazinate, benetan irudikatuko genuke aniztasuna. Zu horiek guztiek Gu handi bat osatuko lukete. Eta Gu hori da nahi duguna, San Martin auzoa Gu handi bat bilakatzea»
Hori lortzeko bidean, ekainaren 8an antolatu dugu Kapelaren Ibilbidea. Bertan nortasun, izaera, kolore ezberdineko edozein kapela ongietorria izango da. Kapela elegante, berrerabilitako materialez eginikoak, paperezkoak, aldarrikatzaileak, guzti-guztiak ongi etorriak dira.
IRUTXULOKO HITZAk Euskal Nortasunaren adierazlerik hoberenari saria emango dionez, Zu, euskaldun hori, gure nortasuna adierazten duen kapelarekin etorriko bazina, Zu, euskaldun, euskaraz etorriko bazina, aniztasun horretan atal garrantzitsua osatuko zenuke.
Zu, feminista, parekidetasunez etorriko bazina; Zu, LGTBI+ kolektiboko kidea, zure izaerarekin etorriko bazina; Zuk, internazionalista, munduko zapalduen oihartzuna irudikatuko bazenu; Zuk, etorkin, zure herriko nortasuna erakutsiko bazenigu; Zu, langile; Zu, haur; Zu, aitona; Zu, ekologista; Zu, kalderero; Zu, danborrari, Zu, inauterizale eta Zu guztiak etorriko bazinate, benetan irudikatuko genuke aniztasuna. Zu horiek guztiek Gu handi bat osatuko lukete. Eta Gu hori da nahi duguna, San Martin auzoa Gu handi bat bilakatzea guztiontzat.
Egin dezagun Koloretako Auzoa. Kapelaren bitartez, irudika dezagun.
Parte hartzeko, bi baldintza soilik bete beharko dira: buruan zerbait eramatea eta ondo pasatzeko gogoz etortzea. Goizeko 10:30ean Miramar jauregian egotearekin nahikoa da.