'Kartzelan ere matxismoari ezetz!'
Agurtzane Delgado Iriondo eta Ainhoa Mujika Goñi Granadako espetxetik, 2017ko neguan.
Zoritxarrez ez gara ezeren salbuespen. Ez gara isolamenduan gauden bakarrak, ez eta matxismoak gure bizitza, gure askatasuna mugatua ikusi dugun emakume bakarrak. Zoritxarrez ez gara ezeren salbuespen baina hala ere, isolamendura ekarri gaituen matxismoa salatzera gatoz.
Askotan esan izan dugu kartzelan ere matxismoa nagusi dela baita kartzelako matxismoak agintekeria eta inposaketa baldarrena eta kutreena duela ezaugarri nagusi. Kartzela bakoitzeko zuzendari “ahalguztidunaren” borondatea nahikoa da neurri bat edo beste ezartzeko, injustizia bate do beste estaltzeko … dena nahi erara antolatzeko eta justifikatzeko. Baina badira gauza asko eta asko estali eta justifika ezinak direnak eta bai, haserre gaude, oso haserre, oinarrizko eta eztabaidaezin direnak salatu eta borrokatu behar izateagatik. Askotan, XIX. menderako saltoa egin izan dugunaren irudipena dugu eta guk Aurrera jo nahi dugun harren, dagoeneko katebegi gehiegi osatu dute matxismoaren katea, oraingoan pixka bat gehiago kateatu gaituena isolamendura ekarriz.
Haserre gaude bai, emakumeak uneoro “bereziak” zentzu negatiboan izateagatik. “Puf lo de las mujeres es diferente, es que las mujeres… es complicado!” bezalako esaldiak gehiegi entzuten ditugu hemen eta ezberdintasun hori deskodifikatzeko nolabaiteko “kode sekretuaren” faltan baleude bezala kudeatzen dute kartzela gizonek, gizon matxistek.
“Kode sekretu” hori aurkitu ezinik, beren kode propioa eratu eta emakumea definitzeko eta definizio horren araberako kudeaketa burutzen dute emakume presoaren bizitzaz. Bai, izan ere, gizon presoaren bizi-baldintzak kudeatzen ditu kartzelak, emakumerenean bizi-baldintzak baino bizitza bera, osotasunean kudeatzen saiatzen da.
Emakumea, histerikoa, puta, umea eta erabateko dependentzia intelektual, emozional eta ekonomikoa duen pertsona omen eta bere bizitza kudeatzeko neurriak oinarri horretatik abiatzen dira. Eta hori, eztabaidatu ezin diren erabakien bidez, inposaketaz, inpunitatez, “kartzelaren segurtasunaren ” izenean egiten bada, matxismorik kutreenarekin egite dugu topo.
Kartzelako gizon “ahalguztidunak”, zuzendari, zerbitzu-buru… etb alegia, “kode sekretuaren” bila dabiltzan bitartean, ezin aipatu gabe utzi zenbait emakume kartzeleroen jarrera emakumeekiko, izan ere, horietako batzuentzat emakumea eta presoa izaki mespretxagarriena da. “¡Parece mentira que seais mujeres!” bezalako esaldiak eguneroko lelo dira, gehiegitan garbiketari lotutako iradokizunak direnean, beraien ustez garbiketa emakumeari erabat lotuta dagoen zerbait baita. Emakumeari ezarritako estereotipo zurrunetik aldentzen den edozer, emakumetasuna zalantzan jartzeko aitzakia da, emakumea zer den, zer ez den eta nolakoa behar duen beraiek erabakiz eta modu iraingarrian inposatuz.
Beste kartzelera batzuen erantzuna aldiz, diskriminazioaren aitortza egitea izan da, baina beraiek diskriminazio ugari “jan” behar izaten dituzten bezala, guk ere are eta gehiago preso izanda!, hauek “jan” behar izatearen beharra aipatzen dute.
Ez digu balio horrelako aitortzarik, emakumeok diskriminazio eta injustizia gehiegi “jan” ohi ditugulako. Nahikoa da! Lanerako, formakuntzarako eta aisialdirako aukera –berdintasuna eskatzen dugu, eta horrekin batera, errespetua. Ez besterik, baina urrun gaude oso urrun.
Soldatapeko lanpostu gehienak gizonek betetzen dituzte, proportzio kuantitatiboan baita kualitatiboan ere. Azken urteotan emakumeen lanpostu kopuruak behera egin du gainera. Gaur egun, emakumeek betetzen dituzten soldatapeko lanpostuak hauek dira:
– Sukaldean bi emakume, gainontzeko guztiak gizonak.
– Bis geletako garbiketa: lau emakume gizonik ez.
– Labanderian: hamar emakume + gizonak
– Erizaindegian: bi emakume +gizonak.
Gainontzeko lan guzti-guztiak gizonezkoek betetzen dituzte, hala nola, konponketak, pintaketa, kanpoko zonaldeko garbiketa, kartzela barruko kaleen garbiketa, hornigaien jasoera eta banaketa, zabo-bilketa, paketeen jasoera, kiroldegian, berziklaketan, liburutegian, isolamenduan, harrera moduluan… denetan gizonak beti nagusi eta emakumeak dauden lanpostuetan anekdotikoak dira, izaki exotikoak ia, labanderian eta bis geletako garbiketan izan ezik. Berriz ere garbiketa emakumeari lotuta.
Aipatu beharra dago gainera kartzelatik mugitzeko nolabaiteko askatasuna baimentzen duten lanpostu guztiak gizonezkoek betetzen dituztela, emakumeak ezin baitira modu askean ibili. Berriz ere, desmundu itxian espazioen ukoa emakumeentzat.
Espazioak mugatuta edukitzearen beste adibidea eskolarena da. Azken bi urteotan, emakumeek haurtzaindegia zenekoan atondutako gela batean hartzen dituzte alfabetatze klaseak, moduluko esparruaren barnean beti, toki falta gatik hogeiko kopurura mugatuz. Gizonek berriz, eskolako aretoetan, area socio-cultural izenekoan hartzen dituzte klaseak, edozein kartzelako gune garrantzitsuenean alegia, bertan eskola, aktibitateak, antzerki-aretoa, bizitza soziala egiten den gunean, kartzelako “agoran” alegia. Zuzendariak aldiz, emakumeak horra joatea arriskutsuegia zela erabaki zuen larru-jotze pare bat aitzakia hartuta, harreman pertsonalak eta intimoak naturaltasunez bizitzatik oso-oso urrun den kartzelako bezalako desmundu horretan, bikote pare bat sexu harremanetan aurkitu zituztela aitzakia hartuta. Nahikoa eskandalua pizteko, emakumeak putak direla lau haizetara zabaltzeko eta sinestarazteko, zigortzeko eta moduluan konfinatzeko. Gizonek aldiz, edozer gertatuta ere, ez dute inoiz beren espazioa galtzen. Gizonen kasuan ondorio negatiboak, zigorrak, norbanakoari dagozkio, emakumeen kasuan aldiz, emakumeen kolektibo osoari zabaltzen zaizkio.
XXI. mendean kartzelako eskolan segregazio sexista ezartzen da emakumeak putak direlako! Eta ez da interpretazio bat, ez da exagerazio bat, izan ere, oraindik dugu gogoan preso sozial bat “fornicadoras” hitza zer zen galdetzera etorri zenekoa, moduluko hezitzaileak horixe esan ziolako: “sois unas formicadoras y por eso no vais al sociocultural”.
XIX. mendea aipatu dugu lehen baina agian aintzinako Erromara egin beharko genuke salto, izan ere, garai hartan putak zubien, kalezuloen eta bestelako eraikinen arkupeetan Bildu ohi ziren, latinezko “fornix”-ean, arku azpian alegia. Baina sexu kontutan epai morala ere ezin kanpoan utzi eta historian zehar eliza katolikoak, hitza bekatuzko harremanekin lotu zuen, koktel ederra, baina hemen epai morala baino kondena morala bilakatzen da emakumeentzat.
Emakumearekin, sexuarekin eta moralarekin nolabaiteko obsesioaren islada ere bada zuzendariak hartutako beste erabakia, bis familiarretan bikotekidea bakarrik ez joatearen inposaketa hain zuzen ere. Bis horretan intimitate espaziorik egon ez dadin hirugarren pertsona baten presentzia inposatu izan du zuzendariak presoaren bizitza “familiarra” nolako izan behar den kudeatu nahi izanez.
Emakumearen hipersexualizazioaz ezin ihes egin eta kirola egiten emakumeak ere arriskutsuak omen gara. Nola ulertu bestela,, kirola egiten eskilarak gora eta behera korrikan aritu eta funtzionario batek esatea “claro, subiendo escaleras se os pone el culo duro y luego la vais liando por ahí!”. Emakume bat kirola egiten sekulako gonbidapena ere omen eta horregatik moduloan konfinatu behar!
Emakumeak ez gara arazoa hainbat gizonen pentsamendu harrapakaria bai ordea! Errespetua mesedez!
Emakumeen moduluko aisialdiko tailerrean ez dago erramintarik, ez lan tresnarik, josteko makina, jostorratzak, zerra txiki batzuk eta pinturak izan ezik. Zergatik gizonezko moduluetan mailuak dauzkaten bitartean, emakumeok kontserba lata bat erabili behar dugu mailu funtzioa egingo duena? Zergatik asmatu behar izaten ditugu hamaika trikimailu gizonezko moduluetan oinarrizkoak direnak ordezkatzeko? Ez da bidezkoa. Lana eta sorkuntza ez omen da emakumeen espazioa, sorkuntza mugatzen zaigu, trabak jarri. Josi eta garbitu, hortan laburbiltzen dute emakumearen jarduera.
Kate luze honen kate begi bat gehiago, moduluko komunen garbiketaren afera izan da. Lehen, gainontzeko moduluetan bezala, aitortutako lana izanik emakume batek burutzen zuen lana. Bina duela lau urte, lan-aitorpena kendu, zigor-aitorpena eman eta hortik Aurrera emakume denek txandaka komunak garbitu behar genituela agindu zuen zuzendariak. Gizonen moduluetan, aitortu eta ordaindutako lana izanik, ezetz esan genuen, komunen garbiketa lan gogorrenetakoa izanik gainera are eta gehiago aitortu eta ordaindu beharrekoa dela irizten diogulako. “A las mujeres no les voy a pagar! ” izan zen zuzendariaren erantzuna. Ez da diru kontua 47€ hilabetean ordaintzeagatik gizonei ordaintzen diena alegia, ez baita kartzelako kutxa hustuko! Azken lau urteetan, komunen garbiketaren lan aitorpena aldarrikatzen ibili gara, gizonen moduluetan egiten den lan-aitorpen bera hain zuzen ere, baina zigorrak besterik ez ditugu jaso, zigor bat bestearen atzetik, azkena isolamendu moduluan sartzea izan delarik.
Baina afera ez dira komunak, arazoa sakonagoa da eta horixe salatzen eta isladatzen saiatzen ari gara. Ez gara bakarrak izan egoera hau salatzen, moduloko gainontzeko emakumeek ere salatu egin baitute, baina zigor eta mehatxu gogorrak jasan dituzte eta desmundu honetan, mehatxuei bakartasunean aurre egitea ez da batere erraza. Berriz ere, inpunitate eta agintekeriaren erabilera maltzurrarekin egin dugu topo.
“Ya te voy a enseñar a ti lo que es el machismo ibérico” esan zion zerbitzu buru batek atzerritar bati. Agian horixe da kartzela honen lelo edo helburua, matxismo iberiarraren ikur bilakatu hain zuzen ere.
Gu, guzti honi nola edo hala aurre egin eta kartzelan ere jendarte parekidea isladatzea nahi dugu.
Emakumeak kartzelan gutxiengoa garenaren aitzakiarekin ez gaitzaten gehiago baztertu nahi dugu, ez gaitzaten konfinatu, iraindu, objektu hipersexualizatu bilakatu. Hau, formakuntza eta aisialdirako aukera-berdintasuna eskatzen dugu. Ez besterik. Aukera berdintasuna eta errespetua.
Ezin esan Gabe utzi, gizonezko moduluetan dauden kideen erabateko inplikazio aktiboa, jendarte parekide bateranzko bidea denon borroka dela argi utziz.
Hasieran esan dugu: zoritxarrez ez gara ezeren salbuespen baina era berean ezeren salbuespena ez garelako guzti hau salatu beharrean aurkitu gara. Guzti honek Isolamendura ekarri gaitu, guzti hau bultzatzen duen kartzelako zuzendari honek itxi gaitu isolamenduan, eta bai oraingoan matxismoak ekarri gaitu isolamendura eta isolamenduko ziega honetatik ozen eta tinko diogu:
MATXISMOA GARAITUKO DUGU!
GARAITU BEHARRA DAUKAGU! Hor! Hemen! Edonon!