'Kasetteak'
Unai Elizasu, gai jartzailea
“Persianaren zirrikitutik ihesik doan argi izpi txiki batek…”. Etxeko ganbaran izan nintzen aurrekoan. Ikastolako liburu, karpeta eta delakoen artean, kasetteak topatu ditut. Bai, bai, kasetteakkkkkkkkkkk. Bere garaian erabiltzen genituen objektu laukizuzenak dira kasetteak, non leku batean sartu, eta musika entzun ahal izaten genuen… Bueno, bada kasetteak entzuten jarri, eta grabazio zahar bat topatu nuen. Orain hamar urteko grabazio bat zen. Orain hamar urte, Euskadi Gazteak, “ipuin erotikoen” lehiaketa antolatu zuen, eta nik idatzi egin nuen. Orain hamar urte, erotiko zer ote zen ez dut gogoan. Ez dut gogoan ere, niretzako zer ote zen erotikoa ere. Zergatik idatzi ote nuen ere ez dut gogoan. Ez dut gogoan ia hamar urte zerk bultzatu ninduen testu hori idaztera. Baina, gogoan dut, lehiaketako irabazleetako bat izan nintzala. Nire idatzia, irratiko esatari ahots goxo –gizonezko– batek irakurri zuela. Hitzak jantziz, musika ezin egokiagoa. Edozein kandeladun afari erromantikoko postre unerako, ezin hobea. “…eta bera hor, ohean… izara zuri hezeenpean…” Ez dizuet ukatuko, baina irri txiki bat marraztu zitzaidan aurpegian grabazioa entzunda. Zer eta nola idazten nituen gauzak entzunda. Orain, baina, testuari begiratu, eta kostata idatziko nuke hura baino hobea. Ez nintzateke kapaza. Ezberdina izango zen, baina ez dut uste horren ona izango zenik. Akaso urrutitik begiratzen dudalako, distantziarekin… Akaso, testu hori idatzi nuenekoa sentitzeak nostalgia puntu bat sortzen didalako. Euskadi Gazteak antolatutako lehiaketako irabazleetako bat izan zen nik idatzi testua. Saria, testu hori, zuzenean emititzea izan zen. Ez dut gogoan, saria eskasa iruditu ote zitzaidan ere. Hala ere, horrenbeste urteren ondoren, berriro entzun dudan honetan, orduan imajina ez nezakeen saritzat konsideratu dut. Uneak uneko pozak ederra dira; baina, denbora pasa ondoren, poz hori nola eraldatu, eta nola eragin dezakeen norbere barrena… ederragoa da! Ez dizuet ukatuko, Loretopetik ataleko zutabeok idatzi eta egunkarian irakurtzeak sortzen didan poza berezia dela. Baina, hemendik urte batzuetara, testu hauek irakurri eta sortuko didatena imaginatzea… zuei ez dakit, baina niri, deskriba ezin dudan zer edo zer sortzen dit. “Maite dut egunsenti… maite haut, egunsenti… maite zaitut, laztana!”.