Kaskarinak
Kaskarina hitzak burugabea, gauzak pentsatu gabe egiten dituena esan nahi omen du. Baina, badu beste esanahi bat ere, uste dut.
Ohitura izan da, gaur galtzear dagoen zerbait dela uste dudan arren, herriei edo herritarrei, gure inguruan bederen, ezizena jartzearena. Adibidez, azpeitiarrei zapoak deitzea edo azkoitiarrei xakelak, eta horrela jarrai dezakegu beste herriei buruz ere.
Bada, donostiarrei kaskarinak direla esaten zaie, eta gaitzizen hauek gaur egun ere existitzen dira.
Egia esan, gaitzizen hauek norbaiti iseka egiteko erabiltzen dira, gehienetan. Hauek sortu zireneko munduarekin zerikusi askorik ez duen arren gaurko munduak, ezizen hauek —auskalo noizkoak diren— belaunaldietan zehar funtzionatu dute.
Donostia eta berarekin batera Oriotik hasi eta Hondarribiraino, kosta hori guztia gaskoiez jendeztatua izan zen. Donostia Antso Jakitunak (XII. mendea) sortu zuen, eta, horretarako, merkataritzan eta nabigazioan adituak zirelako, gaskoiak ekarri zituen Donostiara. Hauei Carta puebla deiturikoa eman zien, merkataritza hiria sor zezaten.
Gaskoiak izan ziren Donostiako, Pasaiako eta beste hainbat portutako biztanle asko, eta merkataritza hedatu zuten. Europako kai edo portu nagusienekin harremanak izan zituzten, gainera delegazioak zituzten Rotterdam, Londres, Amsterdam eta Europako portu nagusienetan. Horrez gain, badirudi Ternuaren moduko iparraldeko itsasoetan balearen ehiza sustatu zutenak ere gaskoi hauek izan zirela.
«Donostian, bada jendea ezizen hori [kaskarinak] bere egin eta erreibindikatu behar dela dioena […]. Izen hori gaurko donostiarren ezaugarria al da?»
Zeintzuk ziren eta nondik etorriak ziren gaskoiak?
Esan, gaur egungo Baiona, Pau eta iparraldeko herrialdeetako euskaldun erromanizatuak zirela eta Nafarroako erresumaren barneko euskaldun jatorrikoak.
Donostiako toponimiari begiratu bat ematen badiogu —Aiete, Gros, Miramon, Monpas, Morlans, Polloe, Ulia, Urgull, Narrika, Amara—, gaskoi izenez beteta dagoela ikusiko dugu. Pasaia izena ere, gaskoiez, kaia edo portua da.
Urteen poderioz, gaskoien eragina, hizkuntza eta ohiturak galtzen joan ziren.
Badirudi, Serapio Mugika eta Karmelo Etxegarai moduko kronistek diotena kontuan hartuz, jende alaia, bizia, zintzoa, irribarretsua, burlatia, barregilea eta adarjotzailea zela. Hau zen donostiar haien izaera.
Eta galdera da: ez al dator hortik kaskarinak deitzea?
Imajinatu Herrialdeko Batzar Nagusiak, non goierritarrak, Urola aldekoak, oiartzuarrak eta Deba ingurukoak elkartzen ziren (zein baino zein lehorragoak eta batzuetan zekenagoak eta motzagoak), donostiarrekin elkartzen zirenean, hauek alaiak, arropa koloretsuekin eta europar modan jantzita. Ez al da hortik etorriko kaskarinak deitzea?
Dena dela, hemen, Donostian, bada jendea ezizen hori bere egin eta erreibindikatu behar dela dioena.
Parte Zaharrean bada dantza talde bat izen hori hartu zuena.
Izen hori, gaurko donostiarren ezaugarria ez al da?