Beñat Gaztelumendi: 'Kateak'
Inurriak elefante bat ikusi omen zuen kate fin batekin zuhaitzari lotuta. «Zer egiten duzu hor?» galdetu zion, eta elefanteak «ez al duzu ikusten? lotuta nago» erantzun. Harrituta begiratu zien inurriak elefantearen hanka sendoei, gorputz gihartsuari eta harria ere apurtzeko moduko marfilezko adarrei lehenengo, eta lepoan lotuta zeraman kate estuari ondoren. Animalia hark erraz eten zitzakeen kate-begiak, baina lotuta egotearen sentimenduak eta aske izan ezinaren konplexuak ez zion indarrik egiten uzten. Aske izatea asko izan.
Ez dakit zergatik gogoratu naizen ipuinarekin. Espainiako erregearen safari urrun harengatik izan daiteke agian. Baina hauteskunde kanpaina hasi eta alderdiak independentziaren inguruko aldarriak egiten sumatzen ditudan aldiro elefantearekin eta kate finarekin gogoratzen naiz. Zalantza baitaukat ez ote dugun, sarritan, konplexutik hitz egiten, beldurretik, berez dagokiguna ez balegokigu bezala. Herri orok baitu autodeterminaziorako eskubidea, ez inork uzten dionean, bere borondatea hori denean baizik. Baina krisia aipatzen dugu, bertatik irteteko errezeta onena herri gisa antolatu eta gure baliabideak geronek kudeatzea ez balitz bezala. Gizartean zatiketa eragingo dugula esaten digute, euskararen mundura begiratu ere egin nahi ez dutenek. Egoistak garela esaten digute, munduari egin diezaiokegun ekarpenik handiena garenetik egingo diogula jakin gabe. Eta inurriak ikusten ditut hara eta hona, hamarkadetan lan isilean aritu direnak, elefanteek konplexuak gainditu eta amets urruna gauzagarri ikus zezaten. Jakintsuren batek esana da banderak trapu direla haizerik ez dabilenean. «Traturik ez dagoenean ere bai» erantzungo luke, seguru asko, politikaz nik baino gehiago dakienak.
Orain mitin askotan entzuten ditugu autodeterminazio eske, eskubide hori bermatu beharko luketenak. Baina oraindik ere bekaizkeriaz begiratzen dugu gure sofatik Nou Camp senyera erraldoi bilakatzen denero. Urteak daramatzagu herri bat aldarrikatzen, baina iritsi zaigu eraikitzen hasteko garaia, krisiak hondora daraman estatu baten zain egon gabe. Dabilen herriari, harriari bezala, ez baitzaio goroldiorik ateratzen.
