Katu bat maitatzearen harreman anarkiak
Bi hilabete daramatzagu pisukideek eta nik katu beltz batekin bizitzen. Nosferatu katu beltz maitekorra da eta ez daki miauka egiten. N-k laztandu zuen lehenik, urrumaka hasi eta ez zuen amaierarik izan. Ordutik aurrera, domino efektua hasi zen eta orain ezin dugu gainetik kendu. Goizetan atea zabaldu eta segundo gutxitan etortzen da korrika Nosfi, ohera salto egin eta bere gosari eta laztanen bila.
Etxean lau izateak erraz bilakatzen du katu baten zainketa. Elkarri galdetzen diogu ea nork eman dion janaria, hondarra garbitzen diogu… Katuek ez dute askorik eskatzen.
Katu honek ez dauka maisurik. Gurekin partekatzen du bere denbora eta gu bere zaintzaren arduradun gara, ez gutxiago eta ez gehiago ere. Katu hau gurekin bizi da eta gurea zein etxera etortzen diren guztiena da, partzialki. Memeak bidaltzen ditugu bere aurpegiarekin eta bere konfiantza aurrerapenak ospatzen ditugu. Guztiz normalizatuta daukagu bere atentzioa askoren artean partekatzen dela. Nahiz eta pertsonan ez ezagutu, jende askoren maitasun eta zaintzen objektu da Nosfi. Nosfirekin ez dira lagun edota zaintzaile hoberenen figurak existitzen, pertsona asko daude, gradu ezberdinetan inplikatuta. Batzuek dirua bidaltzen digute, besteek garbiketan laguntzen dute edo jostailuak ekartzen dituzte, eta beste batzuek, aldiz, osasun aholkuak ematen dizkigute. Ziurgabetasun eta lehia txikiak ere sortzen zaizkigu: nor izan ote zen bere lehen urrumen testigu, nork partekatzen du bere denboraren zati handiena, norengana doa Nosfi egongelan gaudenean… Baina, horiek kenduta, partekatutako arduretan erantzukizunaren disoluzioa dago, zaintza eta gozamena partekatuak dira.
«Maitaleak, maitale on direnean, urrutiko behaketaren balioa erakusten dizute. Maite zaitut ez niregatik egiten duzunagatik, baizik eta zu zeu zarelako eta zure desira eta agentziaren lekuko izatea estiman dudalako»
Katu baten zaintza komunitarioa ez dago ume batenarekin konparatzerik. Harreman anarkiaren baitan, esfortzu handiaren ondoriozko hausnarketak testuinguru honetan errazagoak direla dirudi. Denok sofan eserita, denbora elkarrekin igaroz. Bat-batean, ez zaigu axola nortzuk ematen dioten musu elkarri edo nortzuk diren bikote. Maitaleak, maitale on direnean, urrutiko behaketaren balioa erakusten dizute. Maite zaitut ez niregatik egiten duzunagatik, baizik eta zu zeu zarelako eta zure desira eta agentziaren lekuko izatea estiman dudalako.
Nosfi mimoak ematera hurreratzen denean, plazerez eskaintzen dizkiogu, korrikan egiteko denbora nahi duenean edo bere kabuz egon nahi duenean irribarre artean behatzen dugu. Ez du zertan pisutsua izan, ez dugu tentsioz beteriko loturarik behar. Inork ez digu emango behar dugun guztia. Behar batzuk erdigunean jartzen dira erlazio batzuetan, beste batzuetan, beharrak zatika aseko dira, hainbat lekutan partekatuz. Atsekabea sentituko dugu askotan, bestearekiko fusioa faltan botatzen, proiekzio monogamoari eutsi nahian. Leku honetan dolua zainduz ezagutu ditzakegu beste hainbat posibilitate ezberdin.