'Kazetaria'
«Behin emakume bat etorriko eta polita, gainera». Horrela jaso zuten Ategorrietako bolatokian oso gertu dudan kazetari bat. Bertara hurbildu zen jokoan zegoen txapelketaren berri emateko, eta harrera hori egin zioten. Egia esan, lankide honek arrakasta handia du gizonezkoekin; azken aldian, behintzat.
Behin, kirolari bat elkarrizketatu zuenean, bonboi kaxa bat jaso zuen opari. Elkarrizketarekin eta elkarrizketa egilearekin gustura geratu omen zen hura.
Hala ere, halako deitaileak baino, hitz politak jaso ohi ditu gehien bat. Donostiako Liburu Azokara gertutatu zen batean, esaterako, idazle bati ea bere komunikabideari hitz batzuk eskainiko ote zizkion galdetu ondoren, galderak gustura erantzungo zituela jakinarazi zion harek, «are eta gehiago halako neska polit batek eskatuz gero». Hor nonbait, kazetariaren begi urdinak ez ziren oharkabean pasa idazlearentzat.
Kafe bat hartzeko gonbitea ere jaso izan du; telefonoz egindako elkarrizketa bat egiten ari zenean, kasu. Elkarrizketatuak bere ahotsa entzutearekin nahikoa izan zuen proposamena egiteko, itsu-itsuan.
Pasarte hauek edozein pertsonaren autoestimua igotzeko balio beharko lukete, baina kazetariak nahiago du halakoei garrantziarik ez ematea. Lanean ari denean lana du lehentasun, baina hori ez da arrazoi bakarra hitz ederren aurrean, irrifartsu egon beharrean, estutasun aurpegia jartzeko. Arazoa da hurbildu zaizkion gizonek bera baino hogei edo hogeita hamar urte gehiago dituztela.
Ziur naiz gauzak desberdin ikusiko lituzkeela kafea hartzeko gonbitea Realeko jokalari batek egingo balio; aurpegia ez ezik, abizena ere eder duen horrek, alegia.