Kazetaritza behar dugu
Badira hogei urte BERRIA Taldeak, Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak eta Donostiako beste 40 eragilek (euskaltegiak, elkarteak, eskolak, kirol taldeak….) elkarlanean IRUTXULOKO HITZA martxan jarri genuela. Zorionak urte hauetan guztietan proiektua aurrera ateratzen lagundu duzuen guztiei.
Hogei urte mundua hemen eta euskaraz kontatzen, hogei urte Donostiako auzoen berri emanez. Hogei urte tokiko kazetaritza egiten. Kazetaritzak, gaur eta hemen, berebiziko garrantzia dauka gizarte justu bat eratzeko. Demokraziaren giltzarrietako bat baita prentsa: botere egituren kontrola eta gardentasuna bermatzen ditu, eta herritar informatuak hezten. Errealitatearen kategoria sortzen du, garai baten kontakizuna. Zer gertatzen den, zer den garrantzitsua, zergatik. Hori guztia ulertzeko, testuinguruan kokatzeko giltzak eta iparrorratza ematen ditu. Proiektu komunikatiboek, nazionalak zein tokikoak izan, betetzen duten funtzioa aldarrikatu behar dugu.
«Berehalakotasunaren menpe eta zabor informatibo askoren erdian bizi garen honetan, inoiz baino beharrezkoagoa da kazetaritza. Eta halaxe IRUTXULOKO HITZA ere»
Ez dira garai onak kazetaritzarentzat. Hedabide eredua bera dago zalantzan azkeneko urteetan. Presaka gabiltza, inoiz baino gehiago, etenik gabeko aldaketen zurrunbiloan. Mundu aldakor horretan gabiltza gu ere, kazetaritzaren etorkizuna nondik etorriko den sumatu nahian. Ezin gara, ordea, zurrunbilo horretan zorabiatu. Gure proiektuak egokituz egin behar dugu aurrera, bai baitakigu zertarako gauden hemen: kazetaritza ona egiteko, euskaldun guztiontzat eskuragarria eta argigarria izango dena.
Informazio oldeak itota, berehalakotasunaren menpe eta zabor informatibo askoren erdian bizi garen honetan, inoiz baino beharrezkoagoa da kazetaritza. Eta halaxe IRUTXULOKO HITZA ere: Donostian donostiarrentzat sortua, herritarren behar eta kezkekin bat egiten duena, fidagarria, kalitatezkoa… Horrela jokatzeko baliatu behar ditugu teknologia berriek ematen dizkiguten heldulekuak.
Kazetaritza ona egiteko eta gure proiektuen bideragarritasuna bermatzeko, ezinbestekoa dugu gure komunitatearen babesa. Horrexek ematen digu aukera inongo menpekotasunik gabeko kazetaritza egiteko.