Kirolean AholkuLab
Gaur egun, datuek diotenez, haur eta gazteen gehiengoa euskalduna da, euskara ahalduna da edo behintzat euskaraz ulertzen dute Donostian. Ordea, hizkuntzaren erabilerari dagokionean ez da hori inondik inora islatzen jasotzen ditugun datuetan eta gakoa hor dagoela argi eta garbi dago. Guk begirada bertan jarrita dugu orain urte batzuetatik eta geure prisma xumetik Donostian Kirol Entrenamenduan Euskara Sustatzeko metodologiarekin (KEES) lanean ari gara. Kirolean dihardugu ulertzen dugulako eremu benetan aproposa eta zinez interesgarria dela hizkuntza ohiturak barneratu, garatu eta finkatzeko. Noski, horretarako probestu nahi genuke txoko hau proiektuan dauden 23 kirol elkarteei eskerrak emateko, ezinbestekoa da hauek erakusten duten konpromisoa eta elkarlana. Bide onetik goaz eta denboraldi honetan ere gogo handiz ekingo diogu ardura honi.
Horretarako eta hizkuntza alorrean ekiten eta eragiten jarraitzeko asmoz, testu umil hau idazten dugun hirurok kooperatiba txiki bat sortu dugu, Kirolean AholkuLab izena hartu duena. Bazkide bakoitzaren bizipenen metaketa pertsonaletan ereiten joan diren hazien baturatik sortu da. Kooperatiba bizi proiektu kolektibo gisa eraikitzeko, ezinbestekoak dira pertsonen arteko gertutasuna, konfiantza eta pasioa. Gure bizitzak kirolaren eta euskararen inguruan eraiki ditugu eta hemen osatzen dugun proiektua, aurreko guztiaren ondorio gisa besterik ezin da ulertu.
Helburua kirolaren bidez eraldaketa soziala bultzatzea da. Eraldaketa asmo horien erdigunean kokatzen ditugu pertsonen heziketa eta euskara. Kirola, pertsonen topaleku da, zaletasunak, pasioak eta ikaskuntzak partekatzeko eremua da eta gure iparrorratza kalitatezko kirola euskaraz bizitzeko baldintzak sortu, garatu eta dinamizatzea izango da. Horretarako, kirol esparruko eremu desberdinetan eta desberdinetatik eragin nahi dugu, hots, kirol eremuan euskaraz jarduteko baliabideak sortu, partekatu eta landuz, formazio aukera anitzak sustatuz eta kirol elkarte eta federazioen beharrak entzun eta hauei erantzunez.
Balioak oso garbi ditugu: euskalduna, gertukoa eta kalitatezkoa. Kirola euskaraz bizitzeko baldintzak eta eremuak sortzeko asmoz gatoz, euskaratik eragin beharrean, jarduerak euskaraz izan daitezen baldintzak sortzeko. Horrez gain, kirol federazio, kirol elkarte eta kirol esparruan dabilen kirolari, entrenatzaile eta gainontzeko partaide guztiengandik gertu egon nahi dugu, beraien beharrak entzun, ulertu eta elkarrekin beharrezko baliabideak, tresnak eta ekintzak garatzeko. Kirol eremuan boluntario lana egiten duen jende asko dago eta gure asmoa beraien lana erraztu eta beraiek eskaintzen dutena kalitatezkoa izaten laguntzea da.
Bidea dugu egiteke baina benetan gogotsu gaude.